Eusko Legebiltzarrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoak etorkizunean izan beharreko estatus politikoari buruz EH Bildu eta EAJ alderdiek lortutako akordioa bultzatzeko duen konpromisoa berretsi du gaur EH Bilduk, baina Arnaldo Otegi koalizio abertzaleko koordinatzaileak argi utzi du akordioan jasotako oinarriak errespetatu egin behar direla. “Akordioak aurrera egin dezan konpromisoa hartzen dugu, baina aurretik onartutako irizpideak eta oinarriak errespetatuz”. Gernikako arbolaren aurrean egin ditu adierazpenak Otegik. “Erabakitzeko eskubidea da gure gizartea ardazten duena, gure bizitza politikoaren, sozialaren, ekonomikoaren eta kulturalaren gaineko kontrola izateko aukera ematen digu eskubide horrek”.
EAJ eta EH Bilduk lortutako akordioak “zilegitasun demokratiko” osoa duela azpimarratu du eta, norabide horretan zuzendu zaie PSE-EE eta PP alderdiei: “Zilegitasuna dute akordioaren kontra egoteko edo kritikotasun politikoa adierazteko, baina ez dute inolako zilegitasunik, herri honen eskubide demokratikoen aurrean, inposizioa eta betoa planteatzeko”. Autonomian oinarritutako eredua “agortuta” dagoela uste du EH Bilduk. “Gure ustez gaindituta dagoen eredu bati buruz ari gara autonomiari buruz aritzean. Ez da autonomien garaia, burujabetzaren garaia da”.
Eragile sozial, sindikal eta politikoei “erantzukizunez eta eskuzabal” jokatzeko eskatu die Otegik. “Guretzat denen arteko akordioa izan behar da eta denen artean aberastu behar da. Gure herriak bere etorkizunaren jabe izateko unea du. Hortaz, denon artean, demokraziaren, erabakitzeko eskubidearen eta berdintasunaren aldeko akordioa eraikitzeko unea da”.