Politika

Estatus politiko berri baterako EAJk eta ezker abertzaleak elkar ulertzea ezinbestekoa dela dio Joseba Egibarrek

Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak Otegiri aurpegiratu dio Podemosekin akordio hori bilatu nahi izatea, jeltzaleekin egin beharrean.  Bideoa: Arnaldo Otegiren larunbateko agerraldiaren laburpena (BerriaTB). [YouTube]https://youtu.be/KOYoKd9sKFM[/YouTube]

2016ko martxoaren 7a
08:25
Entzun

"[Otegik] Uste du independentista izateko ez dela beharrekoa abertzale izatea, izan daitekeela independentista batik bat ezkerrekoa izanik, eta horregatik deitu du Espainiako ezker berria", azaldu du Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Arnaldo Otegik larunbatean Anoetan Podemosei egindako deia kritikatu du Egibarrek elkarrizketa horretan, eta azpimarratu du estatus politiko berri bat egiteko EAJ aintzat hartzea beharrezkoa dela. "EAJk eta ezker abertzaleak elkar ulertzea ez da soilik beharrezkoa, baizik eta ezinbestekoa", esan du estatu politiko berri bati dagokionez.

Gaineratu du Egibarrek iruditzen zaiola EAJren abertzale izaera ez dela nahikoa Otegirentzat, beti bilatu duela independentziarako bidea ezkerretik egitea, jeltzaleekin bilatu beharrean. Azkenik esan du EAJ eta ezker abertzaleak elkar ulertzen ez badute ez dela estatus politikoan aldaketarik egongo, eta adierazi du Otegik belodromoan egindak hitzartzea barrura begirakoa zela, "CUPen modukoa".

Iñigo Urkullu lehendakaria ere, atzo Deia egunkariak argitaratu zuen elkarrizketan, Otegiz mintzatu zen, eta esan zuen "pertsonalki onena" desio arren, berari buruz egin diren irakurketa batzuk "iraingarriak" izan daitezkeela. Hedabideetan eta gizartearen arlo batzuetan izan duen harrerak, haserretu ez, baina gogaitu dutela ere esan du. "Iraingarria iruditzen zait, etikoki, eta politikoki, egiten diren goraipamen batzuk. 'Bakea da bidea'. Bakea izan behar da gizakiok betidanik eta betiko izan behar dugun helburua. Bakea ez da bidea. Zertaz ari gara? Hego Afrika, Ipar Irlanda, Katalunia, dena nahastea eta ikur bat osatzea, propioa balitz bezala, kopia bat baino ez denean?".

Podemosekin elkar ulertzeko ere gai ikusten du Urkulluk EAJ

Urkulluk gaineratu zuen gai ikusten duela EAJ "guztiekin" ulertzeko. "Podemosekin ere bai", azpimarratu zuen. Urkulluk dio Podemosek aitortu dituela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako politika sozialak eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duela, "EAJk bezala". Ezkerreko gehiengo batetaz galdetuta, ordea, ezkerra zer den galdetzen du: "Nor gehiago EAJ baino gizarte justiziarekiko konpromisoan, kohesio sozialean, inor atzean utzi gabe euskal gizartearen garapenean? Ez dut ulertzen Bilduk, Podemosek eta PSOEk sailkatu nahi izatea eta esparru horretan bakarrik egitea, gizartea anitza denean eta transbertsalitatea eskatzen duenean, desberdinen arteko akordioak... Hor ari gara gu lanean beste alderdi politikoekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.