politika

Estatus politiko berriaren gaia ez ezkutatzeko eskatu dio EAJk Rajoyri

Alderdi jeltzaleak 119 urte bete ditu gaur. ETAri bere lekura joateko eskatu dio Andoni Ortuzarrek: "historia liburuetara".

Gaur goizean Sabino Aranaren monumentuaren aurrean egindako lore eskaintza, eta ondorengo agurra. ARGAZKI PRESS
2014ko uztailaren 31
14:15
Entzun

Eusko Alderdi Jeltzaleak 119 bete ditu gaur, eta urtero legez San Inazio egunean urteurreneko ekitaldia egin du Bilbon, Sabino Aranaren monumentuaren aurrean. Andoni Ortuzar EAJko presidentea Rajoyri zuzendu zaio eta estatus politiko berriari heltzeko eskatu dio, ez ezkutatzeko gaia "gehiengo absolutaren mantaren azpian". Ortuzarren hitzetan gaiaz hitz egitea beharrezkoa da, "guztion artean etorkizun hobea bilatzeko eta herritarren gehiengoak nahi duen marko politikoa adosteko".

EAJren ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Itxaso Atutxa BBBko presidentea, Joseba Egibar Gipuzkoakoa, eta Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburu, tartean, Jon Darpon, Estefania Beltran de Heredia eta Juan Maria Aburto.

ETAri desegin dadila eskatu dio Ortuzarrek

"Ez dago eskubiderik herritarren borondateari muzin egiteko, XXI. mendean demokrazia zanpatzeko. Bere kritikak Rajoyri zuzentzeaz gain, ETAri ere herritarrak entzun eta desegiteko eskatu dio: "Ez dezala luzatu gehiago herritarrek gainditutzat dute prozesu bat. Eman ditzatela armak, aitortu dezatela eragindako mina eta joan dadila bere lekura, historia liburuetara. Egin dezala behingoz herri honentzat baliagarri den zerbait". 

ETAk hori egiten badu, EAJk gatazkaren ondorioak gainditzen lagunduko duela ziurtatu du.

EAJ, "ezinbesteko"

EAJren urteurrenaren haritik galdera bat bota du Ortuzarrek: "Zer litzateke Euskadi EAJ gabe". Bere hitzetan alderdi jeltzalearen konpromisoa "Euskadiren historian" ezinbestekoa izan da: "Herri honetaz hitz egitea, hein handi batean, alderdiaz hitz egitea da, eta alderdiaz hitz egitea, herriaz hitz egitea". Zehaztu du ondoren, ez duela hori harrokeriaz esan, baizik eta "akuilu" modura, "erantzukizun plus bat" bezala, gizartearen aurrean duten egin beharrarengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.