Politika

Estatus politikoari buruzko lantaldea hasteko, testu itxirik ez

EAJk gaur erregistratu du Eusko Legebiltzarrean estatus politikoaz eztabaidatzeko lantaldea osatzeko eskaera. Proposamen zehatzen aurretik "euskal autogobernua aldatzeko" lantaldeak "balantze partekatu bat" egin beharko duela iragarri dute Andoni Ortuzarrek eta Joseba Egibarrek.

Egibar eta Ortuzar, gaur, Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ, ARP
Jon Rejado.
2013ko abenduaren 26a
14:50
Entzun

EAEko estatus politikoa moldatzeko lantaldea abiarazteko lehen pausoa eman du EAJk. Gaur goizean legez besteko proposamen bat aurkeztu du, non lantalde hori sortzeko eskatu baituen. Aurrera begirako lan ildoak lantaldeak berak zehaztu beharko dituen arren, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak zehaztu du ez dela “testu itxirik” aurkeztuko. "EAJk ez du akordioa zailduko duen pausorik eman nahi".

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, EAJren legez besteko proposamena aintzat hartu, eta zehaztu beharko du zein osoko bilkuratan eztabaidatu eta bozkatuko den. Ortuzarren ustez, otsailean gertatuko da hori. Behin onartuta —legebiltzar talde guztiek jakinarazi dute lantaldean egongo direla— orain arteko autogobernuaren "balantze partekatua" egitea proposatu du Ortuzarrek, balantze hori bigarren pausoaren oinarria izan dadin. Hala, adostasunen garrantzia nabarmendu du, Gernikako Estatutuak izan zuen “adostasun berbera edo zabalagoa” izan beharko luke eta.

Balantzean oinarrituta bi aukera egon daitezkeela iragarri du Ortuzarrek. Alde batetik, legebiltzar talde bakoitzak bere proposamena idatz dezake eztabaida abiarazteko, edo, bestetik, oinarri horiek finkatuta beste erakunde publiko bati proposamena idazteko eska dezake lantaldeak, Eusko Jaurlaritzari kasurako.

Edonola ere, eta epeak zehaztea lantaldeari dagokion arren, testuak 2015. urterako prest egon beharko duela azaldu du. Ezustekorik ezean, urte horretan bukatuko da legegintzaldia, eta Eusko Legebiltzarreko ekimenak bertan behera geratuko dira.

"Porroterako estrategia"

ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz kritiko agertu zen atzo EAJren asmoekin. Haren esanetan, "porrota" baino ezin du ekarri lantaldearen bidez "adostasun zabal" hori lortzeko estrategiak, Espainiarekiko aldebikotasunean oinarritzen delako. "Zilegia da proposamena, baina Espainiak ez du nahi. Ez da posible aldebikotasunik menperakuntza hierarkikoan oinarritutako erakundeen artean", ohartarazi zuen Muñozek. Izan ere, Ibarretxe planak egin zuen ibilbidea gogora ekarrita, Espainiaren jarreran ordutik zer aldatu den galdetu zuen ELAko idazkari nagusiak. "Emaitza bera izango du".

EAJk bidea "denen artean" egiteko eta akordioan alderdi guztiak biltzeko erakutsitako jarrerak ziurtatzen du "porrota", Muñozen hitzetan. Izan ere, Euskal Herria erabakitzeko eskubidea duen nazio gisa aitortzea da gakoa haren arabera, eta ez subiranotasun bakarra Espainiarena dela diotenekin adostasun bila aritzea: "Horiekin akordio bila aritzen bazara, arazo horrek ez du irtenbiderik". Horregatik, "abertzaleak batera joatea" da irtenbide bakarra, Muñozen iritziz; hau da, Euskal Herriaren erabakitze eskubidea defendatzen dutenak ados jartzea. Kataluniako prozesuak izan duen bilakaera ikusita, haiekiko "inbidia sanoa" duela aitortu zuen, han estatutu proposamenari eman zioten erantzunetik irakaspena ateratzen jakin dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.