ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Estatus politikoaz galdeketa egingo dute Donostian azaroaren 18an

9.500 sinaduratik gora bilduta, lehen hiriburua izango da gisa horretako galdeketa bat antolatzen duena.

Galdeketaren sustatzaileak, udaletxe atarian. DONOSTIAKO GED
2018ko apirilaren 18a
10:30
Entzun

Galdeketaren sustatzaileek agerraldi bat egin dute gaur goizean Donostiako udaletxe atarian, eta bertan jakinarazi dute lortu dituztela kontsulta egiteko behar zituzten sinadurak. Guztira, 9.545 jaso dituzte. Gure Esku Dago-k ondutako protokoloaren arabera, hiriko biztanleen %2ren sinadura behar zuten prozesuarekin aurrera egiteko, baina antolatzaileek %5era igo zuten langa hori, udalak galdeketei buruz onartutako ordenantzak eskatzen zuenarekin bat eginez, "estatus politikoari buruzko galdeketak izan zitzan ahalik eta berme sendoenak". 8.000 inguru behar zituzten, beraz.

Adosgune bat osatuko dute orain, kontsultan egingo duten galdera adosteko eta hura "argia, ulerterraza eta inklusiboa" izatea ziurtatzeko, "parte hartze ahalik eta handiena lortzeko asmoz".

Sinadura kopuruaz gain, galdeketaren data ere jakinarazi dute: azaroaren 18an izango da. Egun horretan bertan egitekoak dira Irunen ere (Gipuzkoa). Data horren aurretik, ordea, GEDek giza katea du antolatuta ekainaren 10erako, eta, gaur azaldu dutenez, donostiarrek zortzi kilometro bete beharko dituzte.

Halaber, ohartarazi dute ez dela "erraza" galdeketa finantzatzea, eta herritarren laguntza eskatu dute horretarako: "Alde batetik, laguntza fisikoa behar dugu zenbait ekintza eta auzoetara iristeko eta bestetik, laguntza ekonomikoak behar ditugu, eta horretarako bono moduko batzuk atera ditugu".

Jadanik 177.000 herritarrek parte hartu dute Euskal Herriko estatus politikoaren inguruan orain arte antolatutako galdeketetan. Maiatzaren 6an, Aiaraldean (Araba) egingo dituzte galdeketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.