Etxarri-Aranazen apirilaren 13an eginiko galdeketari jarraipena emango diote Arrankudiaga-Zollon azaroaren 2an. BERRIAk ekainean aurreratu zuenez, estatus politikoari buruzko galdeketa egingo dute Bizkaiko herrian egun horretan, Ados plataformak antolatuta.
Atzo eman zituen plataformak galdeketaren xehetasunak. "Ibilbide eta sentsibilitate politiko, erlijioso eta kultural ezberdineko" herritarrak bildu dira "oinarrizko gai batean, desberdintasunen gainetik: gure herriak bere etorkizuna era demokratiko eta baketsuan bere etorkizuna erabaki ahal izatea".
Oraindik ez dute galdera zehaztu, eta irailaren 5ean egingo duten batzarrean erabakiko dute hori. "Gaur egun herritar eta herri gisa dugun estatusa aldatzeko aukera proposatuko du", argitu dute antolatzaileek. Halaber, uste dute "herritarrei galdetu eta erabakia errespetatzeko ariketa demokratikoaz berri eman eta praktikara eramatea" dela garrantzitsuena, emaitzaren edo parte hartzearen gainetik.
Arrankudiagak, 2013ko datuen arabera, 963 biztanle ditu. Arratia-Nerbioi Bizkaiko hego-mendebaldeko eskualdean dago, Bilbotik 35 kilometrora eta Arabarekin mugan. Legealdi honetan Bildu dago alkatetzan. Lau hautetsi lortu zituen 2011ko hauteskundeetan, botoen %52 jasota. EAJk ditu beste hirurak —botoen %46—. 1987tik 2007ra, alkatea EAJkoa izan zen. 1979tik 1987ra, hautagaitza independente batekoa.
Katalunian, lehendabiziko herri galdeketa egin ostean —2009ko irailean, Arenys de Munten—, Kataluniako kontsulten koordinakundea sortu zuten, eta urte hartako abenduan 167 egin zituzten aldi berean.