«Estatutik bereiztea erabakiko balu lurralde batek, Europak babestuko luke»

Nazioarteko zuzenbideak ez duela autodeterminazio eskubidea gauzatzea eragozten esan du Rovira i Virgili Bartzelonako unibertsitateko irakasleak; «borondate politikoan dago gakoa».

gurutze izagirre intxauspe
Donostia
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Alfonso Gonzalez (Reus, Katalunia, 1962) Ezkerraberri Fundazioaren eskutik izan da Bilbon. Europako Batasuneko (EB) zuzenbide publikoko irakaslea da Rovira i Virgili Bartzelonako unibertsitatean. Autodeterminazio eskubidea ikertu du,ikuspegi juridikotik. Maurits Coppieters Europako Fundazioarentzat lan bat egin berri du zuzenbide arloko beste hiru aditurekin batera. EBko estatu bateko lurralde batek independentzia gauzatuz gero, EBko kide izaten jarraitu ahal izango lukeen aztertu dute, eta harrituta geratu dira ondorioekin.

EBko herrialde batek estatu batetik independentzia lortuz gero EBn segitu ahal izango lukeen edo ez aztertu duzue. Zer ondorioztatu duzue?

Ikerketa baino lehen gehienok egiatzat jotzen genuen estatu berri bat sortuz gero, berriro EBra sartzeko eskaera egin beharko lukeela. Gu ere premisa horretatik abiatu ginen. Baina ustekabea hartu genuen. Estatutik bereiztea erabakiko balu lurralde batek, EBren zuzenbideak babestu egingo luke bereizketa edo disoluzio egoeran estatu kide berriak bertako kide izaten jarraitzea. Ez luke eskatu behar, estatu arrotz bat balitz bezala, berriro sartzea.

Lurralde baten erabakitzeko eskubideari buruz zer dio nazioarteko zuzenbideak?

Nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik, beti ulertu izan da autodeterminazio eskubidea bakarrik zeukatela erregimen kolonial batean edo gobernu era zapaltzailebaten menpe zeuden lurraldeak. Baina Kosovoren kasurako eman den ebazpenak beste ate bat ireki du. Sententzia horrek esaten duena da lurralde baten autodeterminazioa ez duela debekatuta nazioarteko zuzenbideak. Demokratikoki lurralde bateko biztanleek erabakitzen badute estatu gisa eratzea, hori ez litzateke nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa izango. Eta sortu berri den estatu hark onartua izateko eskubidea eduki behar luke.

Orduan zein uste duzu dela oztopo nagusia hala nahi duten lurraldeek eskubide hori gauzatu ahal izateko?

Lehenengo lortu behar dena da lurralde bateko biztanle gehienak horren alde egotea. Ez da prozesu erraza. Herriak askotarikoak izaten dira, eta interesak ere bai. Quebeceko eredua daukagu. Hainbat erreferendum egin dira, eta ez da inoiz gehiengo nahikorik lortu bereizketa prozesua hasteko. Zailtasun politikoa dago, beraz, zuzenbidearen aldetik ez baitago zailtasunik. Borondate politikoan dago gakoa. Borondatea baldin badago lurralde batean, lurralde horri eragiten dioten estatuak behartuta daude ados jartzera. EBko tratuaren 2. artikuluak dio EBren oinarria balio demokratikoak direla. Beraz, bereizketa prozesu bat balego, onartu egin beharko luke prozesu hori, eta sortu berri den estatu horrek EBn egoteko eskatuko balu, onartu egin beharko luke, eta beste estatuko kide zenean herritarrek zituzten eskubide berdinak onartu beharko lituzke.

EBri nola eragin diezaioke horrelako prozesu batek?

Uste dugu antolakuntza aldetik EBri ez diola inolako eragin txarrik egiten halako prozesu batek. Askoz ere konplexuagoa da EBrentzat hirugarren estatu bat onartzea. EBren politika eta zuzenbidea ia ezarrita zeuden lurralde horretan. Askoz ere zailagoa litzateke EBrentzat bertako kide zen lurralde batean aplikatzen ziren EBko arauak desegin eta berriro hutsetik hasi behar izatea, barrutik moldatzea baino.

Estatu batean bideragarri ikusten duzu halako prozesu bat?

Europako Tratatuak dio ezin duela esku hartu estatu kideen integraltasunaren auzietan. Perspektiba horretatik, EBk ezin du behartu estatu bat politika aldatzera sezesio gai batean. Neutroa izan behar du. Baina estatu horrek demokraziaren kontrako neurriak aplikatuko balitu modu argian, EBk zigortu ahal izango luke estatu hori oinarrizko printzipio bat, printzipio demokratikoa, urratu izanagatik. Ezin da bereizketa prozesuetan sartu, baina modu larri eta errepikatuan printzipio demokratikoa urratuko balu esku hartu beharko luke.

Printzipio demokratikoaz aritzean, ze printzipioz ari zara?

Herri baten eskubide demokratikoaz ari gara. Adibidez: herritarrak gobernuan eta erakundeetan parte hartzeko eskubidea izatea; ordezkariak modu librean hautatu ahal izatea; herrialde bateko herritar gehienek bereiztu nahi badute estatu batetik, beste estatu bat osatu nahi dutelako printzipio demokratikoak borondate hori errespetatzea... Herritarrek esan badute modu batera bizi eta antolatu nahi dutela, eta estatuak kontra egiten badie, hori demokraziaren kontrakoa da.

Printzipio demokratiko horiek estatuan betetzen direla uste duzu?

Egun ez dago elementurik esateko printzipio demokratiko horiek urratzen direnik EBko estatuetan modu larri eta sistematikoan. Baina hau edo beste ikustean printzipio demokratikoak urratzen direla pentsa dezake norbaitek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.