ESTATUS POLITIKOA

Estatutu berriaren Atariko Titulua onartu du Autogobernu Lantaldeak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutu berriari buruzko herritarren iritziak jasoko dituzte ekainaren 9an egingo diren jardunaldi batzuetan. Orotara, 600 herritarrek parte hartu ahal izango dute, eta handik jasotako ondorioak txosten batean bilduko ditu Eusko Ikaskuntzak.

Autgobernu lantaldeko kideen eta Eusko kaskuntzaren agerraldia. JUANAN RUIZ, FOKU
Arantxa Elizegi Egilegor - Jon O. Urain
2018ko maiatzaren 30a
07:10
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak gaur zortzi onartu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatutu berriak izan beharreko hitzaurrea, EAJren eta EH Bilduren babesarekin. Astebete geroago, legebiltzarreko bi indar politiko nagusien babesarekin onartu da Atariko Titulua ere.

Atal horrek euskal naziotasuna onartu nahi die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei. Naziotasun hori nola aitortu, legez zehaztu beharko litzateke Eusko Legebiltzarrean. Testuaren arabera, "euskal herritar guztiek, bazterketarik gabe, Estatus Politiko Berriak eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoak aitortzen dien eskubideak eta betebeharrak izango dituzte".

Halaber, "euskal herritartasunaren aitortzak eta auzotasun administratiboaren erabilerak konexio puntu gisa, subjektu politikoan bizi diren pertsonei ahalbidetzen die zerbitzu publikoetarako sarbidea, horien jatorria edo naziotasuna edozein delarik ere". Hamahiru azpi atal ditu agiriak; segidakoak dira pasarte batzuk:

0. Printzipio orokorrak. "Printzipio demokratikoak, pluraltasun printzipioak eta legaltasun printzipioak artikulatuko dituzte Atariko Titulua eta prozesu honen emaitza izango den Estatus Politiko Berria".

1. Erabakitzeko eskubidea. "Estatus berrian, euskal erakundeek gaitasuna izango dute herri galdeketak eta erreferendumak arautzeko eta kudeatzeko, beren eskumenekoak diren gai politiko eta sozialei dagokienez nahiz Euskal Herriko beste herrialde batzuekin, Espainiako Estatuarekin eta Europako eta nazioarteko beste lurralde politiko batzuekin izan nahi duen harremanaz".

2. Subjektu Politiko-Juridikoa. Estatus politiko berria. "Estatuarekiko harreman politikoari dagokionez, arauak aldebakartasunez bertan behera uzteko mekanismoak ezabatu behar dira, eta leialtasun prozedurak eta lankidetza instituzionala ezarri".

3. Lurraldea. "Trebiñuko eta Villaverde Turtziozko kokalekuek eskubidea izango dute Arabako eta Bizkaiko Lurralde Historikoetan integratzeko. beren herritarren gehiengoak modu libre eta demokratikoan hala adierazten badu".

4. Hiriburutza. "Gasteiz izango da Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren egoitza".

5. Ikurrak. Atariko Tituluko artikuluetan zehaztuko dira.

6. Euskara. "Herritarrei berdintasunez, modu errealean eta egiazkoan aitortuko zaie beren hizkuntza hautua erabiltzeko aukera. Euskal erakundeek egungo desoreka gainditzea ahalbidetuko duen hizkuntza politika bat sustatuko dute".

7. Nafarroa eta Iparralde. "Autogobernua berritzeak aitortu beharra dauka Nafarroako Foru Erkidegoarekin eta Iparraldeko euskal lurraldeekin eta beren erakundeekin lotura politikoak eta lankidetza harremanak ezartzeko eskubidea, egitura instituzional iraunkorrak ezartzeko aukera barne (...), lurralde bakoitzeko erakundeen erabakiekiko erabateko errespetuz eta unean uneko prozedura legalen barruan".

8. Herritartasuna eta naziotasuna. "Euskal herritar guztiek, bazterketarik gabe, Estatus Politiko Berriak eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoak aitortzen dien eskubideak eta betebeharrak izango dituzte".

9. Diaspora. "Lankidetza, elkarlan eta parte hartze mekanismoak ezarriko dira Euskal Diasporaren eta Subjektu Juridiko Politiokaren artean".

10. Elkarbizitza. "Euskal autogobernuaren balio eta printzipioak, erakundeek sustatu beharrekoak, honakoak dira: askatasuna, berdintasuna, demokrazia, pluraltasuna, aniztasuna, bakea, justizia, elkartasuna, kohesio soziala eta garapen iraunkorra".

11. Itun Soziala. "Estatis berria gidatuko duen oinarrizko printzipioetako bat eskubide sozialen blindatzea izango da".

12. Gizon-emakumeen arteko berdintasuna. "Botere publikoei dagokie gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean sakontzeko politika publikoak sustatzea".

Eskumenen atalari buruz ari dira lanean orain indar politikoak. Datorren astelehenean, taldeen proposamenak biltzen dituen sintesia aurkeztuko die EAJk gainerako taldeei, eta asteazkenean bilduko dira berriro. Asmoa da orduan ixtea eskumenei buruzko atala. Egun horretan bertan, taldeek proposamenak aurkeztu beharko dituzte hurrengo gaiaren inguruan: botere publikoez.

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, gaurko akordioarekin "beste urrats bat" egin dute "euskal gizarteak behar duen estatus berria adosteko eta onartzeko bidean". Edukiari dagokionez, nabarmendu du atarikoa "koherentea" dela pasa den astean onartutako hitzaurrearekin: "Nolabait, hitzaurrean jasotako kontzeptuak eta ideiak garatu ditugu Atarikoan, garrantzitsua delako hitzaurrean esaten dena artikulatuan ere agertzea".

Elkarrekin Podemos kritiko agertu da testuarekin, eta EAJren nahiz EH Bilduren "joera baztertzailea" salatu du: "Euskal herritartasuna eta euskal naziotasuna bereizten dira". Hitzaurrean egin bezala, boto partikularra aurkeztu du koalizioak, bi taldeoi "maximalismoz" jokatzea egotzita: "Maximalismoa ez dago legitimoki eta logikoki herrialde proiektu bat izatean, baizik eta ezin ulertzean gainerakook ere herrialde proiektu propioak ditugula, besteenak bezain zilegi eta balekoak direnak". Gainerakoen egitasmoak "mespretxatzea" leporatu die Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak EAJri eta EH Bilduri.

Antzera mintzatu da Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea. Atarikoan jasotakoa "kezkagarria" iruditzen zaio, "legaltasuna gainditzen" duelako. Hortaz, eskatu du orain artekoak "zuzentzeko" eztabaidan zehar.

Prozesu parte hartzailea

Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutu berriari buruzko herritarren iritziak jasoko dituzte ekainean egingo diren jardunaldi batzuetan. Zabalik dago jada ekainean egingo diren jardunaldietan izena emateko aukera. Hilaren 9an egingo dituzte, Bilboko Azkuna zentroan, Donostiako Eureka zientzia museoan eta Gasteizko Montehermoso kultugunean aldi berean. Bost orduko saioak izango dira guztiak,  09:30ean hasi eta 14:30era arte. 

Autogobernu lantaldeko kudeatzaile Jone Berriozabalek azaldu duenez, ez da mugarik jarriko proposamen kopuruari dagokionez, eta orotariko iritziak jasoko dituzte. "Gizartearen aniztasuna islatzea da helburua". Dena den, eztabaidetan parte hartu ezin dutenek ere euren iritziak bidali ahalko dituzte Legebeiltzarraren edota Eusko Ikaskuntzaren webguneen bidez.

Jaurlaritzaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lankidetzarako akordioak ahalbidetu ditu foro hauek. Horien helburua da herritarren proposamenak jaso eta gehiengoaren babesa izango duen testu bat diseinatzea. Horretarako, parte hartzaileen proposamenak eta eztabaidaren ondorioak bilduko ditu Eusko Ikaskuntzak dokumentu batean, eta hura Legebiltzarrari helaraziko dio irailaren 30erako.

Eusko Ikaskuntzak parte hartzaileen esku jarriko ditu alderdiek orain arte egindako proposamenak, zeinak hiru bloketan banatu dituzten: subjektu politikoaren definizioa; elkarbizitzarako oinarriak: demokrazia eta eskubideak; eta eutogubernu demokratikoa: nola antolatuko gara eta zer motatako harremanak nahi ditugu beste lurraldeekin?.

"Helburua da gure komunitate politikoaren etorkizuna elkarrekin irudikatzea, eta beraz garrantzitsua da tailer hauen oinarrian dauden hiru zutabeak onartzea: berdintasuna, errespetua eta eraginkortasuna", zehaztu du Eusko Ikaskuntzak oharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.