Eusko Legebiltzarra

Estatutua betetzeko programa bi hilabeteko epean bidaltzeko eskatu dio EH Bilduk Madrili

EH Bilduk proposatu du estatus berriaren oinarriak adosteari ekin aurretik legebiltzarrak konpromisoa hartzea itun berriak "berme demokratiko guztiak" izateko. Halaber, Espainiari galdegin dio lortzen den akordioa "demokratikoki" errespeta dezala.

EH BIlduko Pello Urizar, Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno, legebiltzarreko agerraldi batean. DAVID AGUILAR / EFE
edurne begiristain
2018ko urtarrilaren 23a
13:55
Entzun

EH Bilduren ustez, hastear den urte politikoa "erabakigarria" izango da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako estatus politiko berria zehazteko, eta ezinbestekoa deritzo eztabaida horri "abiapuntu politikoa sendoa" jartzeari. Helburu horrekin, koalizioak legez besteko bi proposamen aurkeztu ditu, gaur bertan Mahaiak tramitera onartuko dituenak. EH Bilduko eledun Maddalen Iriarteren iritziz, estatus politiko berriaren eztabaidaren ardatza erabakitzeko eskubidea izango da: "Demokrazia ala inboluzioa da benetan jokoan daukaguna". Iriartek azaldu duenez, eztabaida horri behar bezala heltzeko "interferentziak" ezabatu behar dira, eta argi dago Gernikako Estatutua ez betetzea "interferentzia handia" dela. Horregatik, hori saihesteko eta estatus berriari "abiapuntu sendoa" emateko, EH Bilduk  Espainiako Gobernuari eskatu dio bi hilabeteko epean Estatutua osorik betetzeko programa eta egutegia bidaltzeko. "Estatutua betetzea obligazioa da, baina baita gutxieneko bermea estatus politiko berria eztabaidatu eta adostu ahal izateko ere", azpimarratu du Iriartek.

Bigarren legez besteko proposamenarekin, "urrats" bat harago joan nahi du EH Bilduk, Pello Urizar legebiltzarkideak azaldu duenez. Koalizioak uste du eztabaida horren baitan beharrezkoa dela Espainiako Estatuari "errespetu eta berme demokratikoak eskatzea". Hala, estatus politiko berriaren oinarriak adosteari ekin aurretik, EH Bilduren asmoa da legebiltzarrak konpromisoa hartzea estatus berriak "berme demokratiko guztiak" izango dituela, eta ondorioz, Espainiari eskatuko dio legebiltzarretik aterako den akordioa "demokratikoki" errespetatu dezan.

Bi proposamen horiekin EH Bilduk talde guztiei dei egin nahi die "demokrazian murgiltzera" eta denen artean "berme sistema bat" ezartzera, legebiltzarrak onartuko duena beteko dela ziurtatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.