Iragarri baino ia ordubete beranduago, baina pozarren sartu ziren Sabin Etxeko prentsa aretora Josu Erkoreka EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea eta Iñaki Aspiazu diputatua, Iñigo Urkullu EAJko burua lagun zutela. Madrildik zekartzatenak kontatzeko agerraldira zuzenean etorri ziren autoz lehen biak, eta horrexegatik iritsi ziren berandu, ia iluntzeko zortzietan. Erkoreka eta Urkullu aritu ziren, «lorpen historikoaren» berri ematen.
PSOErekin «egonkortasun ekonomiko, politiko eta instituzionalerako akordioa» lortu zutela azaldu zuten bi buruzagiek. Eta, akordio horretan, Gernikako Estatutua garatzea lortu dutela. Zerrendatuta ekarri zituzten hitzarmenaren arabera eskuratuko dituzten eskumenak. Hiru 2010ean gauzatuko direla azaldu zuten, eta gainerako 17ak 2011n. Edozein kasutan, kontuan hartu behar da aurten eskualdatzekoak direnen inguruko akordioa ez dela berria; irailean hitzartu zuten eskumen horiek Jaurlaritzaren esku uztea, eta aurten eskualdatze hori izenpetzea hitzartu dute orain.
Beste 17 datorren urtean gauzatuko dituztela dio akordioak, eta, beste zazpi gauzatzea aztertuko dutela ere bai. Azken horiek ez dute datarik. Hala ere, EAJk lortutako akordioarekin Gernikako Estatutua osorik beteko dela ulertu dute jeltzaleek. Alegia, bai epe zehatzik ez dutenak bai zerrendatu gabe dauden gainontzekoak gauzatuko direla esan nahi duela akordioak. «Estatutuaren garapenera iristeko, gainerako eskumenak ebazteko xedez aztertuko dira». Horixe hitzartu dute PSOEk eta EAJ, eta, beraz, Urkullu seguru dago Estatutu osoa beteko dela. Baita EAEn dauden espetxeei dagokiona eta Gizarte Segurantzari dagokiona ere.
Azken bi eskumen horiek, esaterako, ez dira akordioan zerrendatuta geratu. Areago, Jose Antonio Alonso PSOEren Kongresuko eledunaren esanetan, pisu handienetakoa duten eta liskar gehien eragiten duten bi eskumen horiek Jaurlaritzaren esku uztea ez dutela «inolaz hitzartu»esan du. Irakurketa desberdinari buruz galdetuta, eskumen guztien inguruan konponbidea lortzen saiatuko direla hitzartu dutela errepikatu du Urkulluk.
Aldebiko batzordeak
Eskumenen inguruko azterketak egiteko alde biko batzordea osatuko dute bi alderdiek, hiruna kiderekin. Itunaren jarraipena eta ebaluaketa egiteko beste batzorde bat ere sortuko dute.
«Euskadiko lau egitasmo estrategikoei behin betiko bultzada emateko konpromisoa» ere izenpetu dute: AHTa eraikitzeko «erritmoa mantentzea»; Pasaiako Badiaren Egitasmoan aurrera egitea; Bizkaian Espalazio Bidezkok Neutroi iturrirako egitasmoa ordaintzen laguntzea; eta «BBK-k Urdaibaiko Biosferaren Erretserba inguruan dituen kolonietako lurzoruan kultura eta museo erabilerek Kosta Legearekin duten bateragarritasuna» aztertzeko 120.000 euro ematea. Urkulluk ez dio erantzun Guggenheim berria egiteko urratsa esan nahi duen.
Oraindik zehaztu gabe dauden proiektuetarako 112 milioi euro ere lortu ditu, Gipuzkoako garraioetarako txartel bakarraren proiektura Renfe gehitzea kasu. EAEk Europako Batasuneko Gai Ekonomiko eta Finantzazkoetarako Batzordean (Ecofin) zuzenean parte hartzeko aukera ere lortu du, han parte hartu ohi dutenak estatuak izaten diren arren.
«Errealitatea onartu»
Lortutakoak bakegintzan ere eragingo duela uste du Urkulluk: «Ez dugu ezer hitzartu elkarbizitza politikoari dagokionez, baina uste dut egonkortasun instituzionalak bake eta normalizazio politikoan laguntzen duela; inork galtzen utzi behar ez lukeen aukera da». EAJk Zapaterori bide horretan aurrera egiteko «prestasuna» eskaini diola azaldu du. «Eta esan diogu Euskadiko egoera politikoa kontuan hartu behar duela. eta errealitatea onartu behar duela». Horren truke, PSOEren aurrekontuak babestuko ditu EAJk, «Zapaterok legealdia amaitu dezan bidea eskainita».
Eskumenen inguruko akordioa
2010EKO AMAIERARAKO ESKUALDATUKO DIRENAKEnplegu politika aktiboen eskumena. Irailean hitzartu zuten EAJk eta Espainiako Gobernuak.
Lanbide Heziketa, lanerako prestakuntza eta etengabeko prestakuntza.
Itsasoko Gizarte Institutua.
2011KO EKAINA BITARTE ESKUALDATUKO DIRENAK
Enplegu erregulazioa.
Lan ikuskaritza.
Errepide bidezko garraioa.
Itsaso eta ibai bidezko garraioak.
Euskal Autonomia Erkidegoan dauden atzerrikoikastetxeetako ikasketak baliozkotzea.
Estatuaren titulartasuna duten artxiboak.
Jabego intelektualari buruzko Espainiako Estatuko legedia gauzatzea.
Lehen Hezkuntzako erlijio irakasleria.
Jada eskualdatuta dauden itsas eta arrantza ikasketa profesionalenzerbitzuakzabaltzea.
2011KO ABENDUA BITARTEESKUALDATUKO DIRENAK
Trenbideak.
Kreditua eta Banka.
Segurtasun pribatuko zerbitzuak.
Soldatak Bermatzeko Funtsa.
Turismoa eta bidai agentziak. Erregistroko lizentzia, jarduera titulua edo inskripzioari dagokionez.
Unibertsitate tituluak ez diren atzerriko tituluak homologatzea eta baliozkotzea.
Farmazia produktuen legeriaren betearazpena.
Eskola asegurua.