PPk estatutuaren aldeko apustua egiten duela adierazi zuen atzo Espainiako Senatuan PPren bozeramaile den Pio Garcia Escuderok: «Egonkortasuna, hausturaren aurrean». Gainera, Kataluniako egoera bezala, EAEko hauteskundeak ere «arretaz» jarraitzen ari dela azaldu zuen. Izan ere, PPko senatariak onartu zuen «nazionalisten eta ez nazionalisten arteko indar harreman orekatua desoreka» dezakeela EH Bilduk. Donostiako Ekogunean izan zen Garcia Escudero, atzo, PPren lehendakarigai Antonio Basagoitirekin eta Gipuzkoako zerrendaburu Arantza Quirogarekin batera.
Ekitaldia 11:00etarako iragarria zegoen arren, ordu laruden berandu heldu zen Garcia Escudero. Iritsi bezain laster, auto elektriko batera igo ziren Basagoiti eta biak, Ekogunean zehar buelta bat emateko. Izan ere, Kutxaren proiektu hori ezagutu eta ingurumenari buruzko proposamenak aurkezteko ekitaldia zen atzokoa. Adierazpenen orduan, ordea, tarte gehiago eskaini zieten bestelako gaiei.
«Indepedentziak XIX. mendera garamatza», hasi zen Quiroga, eta PPk gizarte «berri eta solidarioa» bat nahi duela erantsi zuen. Eskozia ere aipatu zuen: «Ez dakit zergatik begiratzen duten hara, autonomia gehiago baino ez dute eskatzen. Hori badauka jada Euskadik». Basagoitik, berriz, EAJren eta EH Bilduren aurka egin zuen, Gipuzkoaren aurrerapen aukerak «galtzen utzi» dituztelakoan. Koalizioak, «sektarismoz gobernatuz eta inbertsioak uxatuz», eta alderdi jeltzaleak, «Bilduri hazten utziz». Orain, «separatismoaren» bideari ekin nahi diotela ohartarazi zuen: «EAJ eta Bildu batera doaz Espainia hausteko bidean».
Horren guztiaren aurrean, «XXI. mendeko baloreak» aldarrikatu zituen Basagotik, eta adierazi zuen ingurumenarekiko errespetua dela horietako bat. «Hori da etorkizuneko Euskadi; modernoa, lasaia, irekia». Horrela, PPren lehendakarigaiak konpromisoa hartu zuen «ingugurmena zaintzeko estrategia bat» martxan jartzeko. Administrazio ezberdinen arteko elkarlana, gizartearen parte hartzea eta gune naturalen berreskuratzea proposatu zituen horretarako.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PP
Estatutua «egonkortasuna» dela dio PPk, eta independentzia, «amildegia»
Ingurumenaren errespetua bultzatuko duela agindu du Basagoitik, «XXI. mendeko balio gisa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu