Alderdi berriaren estatutuen pasarte batzuk aurreratu zituen Iñigo Iruin abokatuak, legezkoak direla erakusteko.
ATARIKOA
«Euskal Herrian beste fase politiko bat hasi dela ikusirik, Ezker Abertzaleak euskal gizartearekiko erantzukizun bat hartu zuen bere gain: azken hilabeteetan jendaurrean hartutako konpromisoak biltzen dituen antolakunde politiko baten proiektua aurkeztea. Gaur, hori egiteko moduan gara.
Ezker Abertzalearen proiektu politiko berriak iraganean esparru sozial eta politiko horrek bere egin dituen antolakuntza moduekiko eta jokamoldeekiko haustura dakar, bai eta, horrenbestez, antolakuntza modu eta jokamolde haien ondoriozko mendekotasun loturen haustura ere. Horren bidez, eragotzi egin nahi da indarkeria erabiltzen duten erakundeak eta indarkeriarekin bat zetozelako legez kanpo utzitako eta desegindako alderdi politikoak proiektuaz baliatzea.
Hala, Espainiako Konstituzioaren 6. artikuluak, Alderdi Politikoei buruzko ekainaren 27ko 6/2002 Lege Organikoak eta haiek interpretatu dituzten Auzitegi Gorenaren eta Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak taxututako legezkotasun arruntaren eta konstituzionalaren kanonaren arabera eratu da alderdi politiko berria.
2010eko irailean Gernikan Bakerako eta Konponbide Demokratiko Baterako Ituna sinatu izana mugarri bat izan da euskal herritarrek inongo mugarik eta aske beren etorkizunaz erabakiko duten Euskal Herri libre batean bake egonkor eta iraunkor bat lortzeko. Geure gain hartzen ditugu Adierazpen horretako konpromisoak, eta geure egiten ditugu indarkeriarik gabeko benetako egoera bat eta gero eta normalizazio politiko handiagoko egoera bat sortzeko han egiten diren eskaerak.
Era berean, Mitchell senatariaren oinarriak onartzen ditugu jarraibide eta jokabide eredutzat, haiei saihestezin eta ezinbesteko iritzita bake bidean eta konponbide demokratikoan aurrera egiteko.
Horregatik, gainerako eragile politiko, sozial eta sindikalekin gure ekarpena egiteko borondatea eta nahia azaltzen dugu:
– edozein motatako indarkeria behin betiko eta guztiz desagertzeko, ETA erakundearena bereziki.
– indarkeria eta terrorismo ororen ondorioak gainditzeko, bakearen, justiziaren eta euskal gizartea adiskidetzearen mesedetan.
– azken hamarraldietan gure herrian izandako indarkeria mota guztiek utzitako biktima guztiak onartzeko eta haiei ordaintza emateko.
Azken batean, alderdi politikoak bide politiko eta demokratiko hutsekiko konpromiso irmo eta argia du, eta hori ez dago lotuta kontu taktikoei eta unean unekoei. Hala, prozedura demokratikoak betez eta bizitza publikoan legezko bitartekoak erabiliz egingo du bere ideologiaren alde.
Horrek esan nahi du herritarren atxikimendua, mobilizazio demokratikoa, borroka ideologikoa eta parte-hartze politiko eta instituzionala izango direla lan politikorako haren tresna bakarrak.
Gainera, programa politikoan, antolakunde berriak sustatu eta aldeztu egingo du Giza Eskubideen Europako Itunak definitzen duen gizarte demokratiko kontzeptuarekin bat datorren eta demokraziaren, pluralismoaren eta askatasun politikoen benetako eta erabateko ariketa batean oinarrituta dagoen gizarte eredu bat.
3. ARTIKULUA-BARNE DEMOKRAZIAETA KANPO EKINTZA.
B).-Kanpo ekintza.
Gure proiektu politiko eta antolatzailearen estrategia independentista eta sozialistan ez dago lekurik inolako indarkeriazko ekintzatarako, ez eta osagarri eta sostengu politiko gisa baliagarri izango zaizkion jokaeretarako ere.
[Alderdi berriak] indarkeria arbuiatuko du bere ekintza garatzeko; hori izango da haren tresna politika egiteko, eta haren bidea helburu politikoak lortzeko, zeinahi delarik indarkeria horren jatorria eta izaera. Arbuio horren barnean dago ETA erakundea, pertsonen eskubide eta askatasun oinarrizkoak urratzen dituen jokaeren subjektu aktiboa den heinean.
Izaera orokorreko adierazpen honen bidez, alderdi berriko ordezkariek, militanteek eta kargudun organiko eta instituzionalek honako irizpide hauen arabera jokatuko dute:
• Irmo eta argi arbuiatuko dute ekintza indarkeriazko eta terrorista oro, bai eta horien egileak ere.
• Arbuiatu egingo dituzte indarkeria eta terrorismoa adierazteko modu desberdinak, alderdi politikoen 6/2002 Lege Organikoko 9. artikuluko zenbait ataletan legez zehaztu diren bezala —zeinaren hitzez hitzezko edukiak berriz adierazitzat eta osatutzat ematen diren adierazpen honetan—.
• Arbuiatu egingo dituzte ekintza terroristak sustatzen, babesten edo legezkotzat jotzen dituztenak, eta, modu argi eta garbian, horien edozein justifikazio kontzeptual eta defentsa ideologikoren kontra egingo dute.
• Arbuiatu egingo dute indarkeriarekin eta eraketa eta tresna politikoekin elkar hartzea, politikoki nahiz antolakuntzaren ikuspegitik —eraketa eta tresna politiko horiek legez kanporatu egin baitituzte elkar hartze hori dela eta—; eta arbuiatu egingo dute gertakari terroristen edozein adierazpenekin elkar hartzea ere.
Eginbide eztabaidaezin horiek bermatzeko, alderdi berriaren itxuratze egiturazko eta funtzionalaren helburua da Auzitegi Gorenaren BJLOko 61. artikuluko Sala Bereziko epaiei jarraiki legez kanporaturiko eta deseginiko alderdi politikoen jarraipen edo ordezko organiko edo funtzional izateko tresna bihurtuko duten ezer egitea eragoztea.
Kontua ez da legez kanporaturiko erakundeak berreraikitzea eta eraberritzea, baizik eta bereizketa zehatz bat eta zalantzarik gabeko haustura bat mamitzea horiei dagokienez».
(Erredakzioan itzulia)
Alderdi berriaren estatutuak
Estatutuen edukien laburpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu