poliTIKA

Estatututik estatura, aipamenean bada ere

Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak hitzaldia eman du gaur EHUn, kargua galdu zueneko hauteskundeen bigarren urteurrenean. "Arazoak konpontzeko tresna da zuzenbidea, ez tapoi bat", esan du EAEko Estatutu berriaren egitasmo hura aipatu duenean; "autore batzuek diote halako kasuetan irtenbidea estatu bihurtzea dela".

2011ko martxoaren 1a
16:06
Entzun
Gaur bi urte izan ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta EAJk irabazi zituen, aise, Juan Jose Ibarretxe zela haren lehendakarigai, baina Jaurlaritzako lehendakaria ez da hura, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia baizik, maiatzetik. Harrezkero ez du askotan hitz egiten jendaurrean Ibarretxek. Gaurkoa izan da gutxi horietako kasu bat. EHUn mintzatu da, Leioan, "Euskadiko" eredu politikoari buruz-eta, eta berriro defenditu du EAEko Estatutu berria. Espainiako Kongresuak atzera bota zuen hura. "Arazoak konpontzeko tresna da zuzenbidea, ez tapoi bat", esan du lehendakari ohiak, eta 'estatua' hitza aitatu du. "Autore batzuek diote halako kasuetan irtenbidea estatu bihurtzea dela".

Irizpide etikoak eta demokratikoak ere izan ditu gaitzat hitzaldian eta geroko hitzaspertuan. Batetik, Sortu alderdi politikoaren sorrera azpimarratu du, "[bakerako] atzeraezina delako", eta haren legeztatzearen alde egin du. "Ezker abertzaleari beti esan izan diogu pausoa emateko, eta eman duenean, guk eman behar al dugu atzera?".

Ibarretxek uste du Espainiako Gobernuak "hauteskunde kalkuluak" baino ez dituela Sorturi buruz ari denean. 2009ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan D3M eta Askatasuna ezker abertzaleko erakundeek ezin izan zuten parte hartu Espainiako Justiziaren baliogabetzeen ondorioz, eta horri esker lortu zuen PSEk Jaurlaritza, PPren babesarekin.

ETA ere aipatu du gaur EAJko kideak. Erakunde armatuaren su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria ez zaio nahikoa iruditzen. "Baina ETAk lehen aldiz aldebakarreko erabakia hartu du".

Euskal abertzaletasunak munduan bere tokia duela esan du, ez duelakoan suntsitzea bilatzen, eraikitzea baizik.

Zientzia eta Teknologia Fakultatean hitz egin du, EHUko Politika eta Administrazio Zientzien Sailak antolatutako ekitaldian. Ibarretxek iaz unibertsitate hartako doktore titulua lortu zuen, eta gaur bere tesiari buruzko hitzaldia eman du -Printzipio etikoa, printzipio demokratikoa eta giza garapen iraunkorra: eredu demokratiko baten oinarriak izenburupeko tesia zen-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.