Bizkaiko Auzitegiko lehen sailak 32 urte eta hamar hilabeteko zigorra ezarri dio Cristina Estebanezen bikotekide ohiari, Estebanez hiltzeagatik eta haren bikotekide Aingeru Cerecedo hiltzen saiatzeagatik. 2010eko abenduaren 6an izan zen hilketa, Barakaldon (Bizkaia), Estebanezen etxean.
Zigorrarekin batera, Reyes Goenaga epaileak erabaki du Seidel Martinezek 130.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diola Estebanezen aitari, eta 90.000 eurokoa Cerecedori. Bi horienganako urruntze agindua ere ezarri du epaileak.
Fiskaltzak 35 urteko zigor eskaerari eutsi zion; herri akusazioak eta akusazio partikularrak, berriz, 40 urte galdegin zituzten, Cerecedori egindako lesio psikikoengatik.
Epaiketan Fiskaltza, herri akusazioa eta akusazio partikularra bat etorri ziren: Estebanezen hilketa "prestatu", "planifikatu", "kalkulatu" egin zuen haren bikotekide ohiak.