Emakumeen aurkako indarkeria

Estibalitz Anguloren hilketa gaitzetsi dute herritarrek bilkuran, Mañuetan

Udalak hilketa gaitzetsi eta elkartasuna adierazi dio familiari, ezohiko bilkura batean; eta bi eguneko dolua ezarri du

Anakoz Amenabar.
2008ko abuztuaren 17a
12:14
Entzun

Ehun auzokide baino gehiago bildu ziren atzo, Mañuetako (Araba) herriko plazan, Estibalitz Anguloren hilketa salatu eta senitartekoei elkartasuna adierazteko. Ustez senarrak hil zuen herenegun Angulo, laban batekin lepoa moztuta; senarra Logroñoko (Espainia) erietxean dago oraindik, ustez bere buruari egindako zaurien ondorioz. Udalak herrian dolu egunera deitu du.

Udaletxe plazan bost minutuko isilunea egin zuten atzo, 11:30ean, herritar ugarik, gertatutakoa gaitzetsi eta Angulo gogoratzeko. Lehenago, Udalak ezohiko bilkura egin zuen indarkeria mota guztiak, eta bereziki genero indarkeria, gaitzesten dituen adierazpena onartzeko.

Herri txikia izanik, 350 bat lagunekoa, asko dira Mañuetan 72 urteko emakumearen nahiz senarraren senitartekoak, tartean Luis Troncos alkatea bera ere. Minari ezin eutsirik, ezin izan zuen adierazpena irakurri, eta haren ordez alkateordeak egin zuen, Udaleko zazpi zinegotzien babesarekin. «Gertakari tamalgarriaren aurrean familiari elkartasuna eta babesa adierazi nahi dio Udalak, herrian maitatua eta hain ezaguna den familiari». Bi eguneko dolua ezarrita, hedabideetako langileei, halaber, gertatutakoa errespetuz kontatzeko eskatu zien. Bost minutuko isilunearen ondoren, asko joan ziren, besarkada batekin, familiari elkartasuna adieraztera.

«Ezberdintasunei aurre»

Elkarretaratzean bildutakoen artean, Emakundeko zuzendari Izaskun Moiuak emakume eta gizonen arteko ezberdintasunen oinarrian lan egin behar dela adierazi zuen, berriz ere halako gertakaririk ez izateko. «Hemendik aurrera lan egitea baino ez zaigu geratzen. Jakina da emakumeen aurkako indarkeriaren oinarria ezberdintasunak direla, genero artekoak, eta, horregatik, horien kontra egin behar dugu».

Javier Aspuru Arabako Aldundiko Gizarte Sustapeneko diputatuak ere parte hartu zuen bilkuran. Genero indarkeriarekin tolerantzariarik ez izateko eskatu zuen. «Lehendabizi salatu beharra dago, eta halakoei tolerantziarik ez; bestetik, sentsibilizazio eta kontzientziazio neurriak indartu behar dira berdintasuna oinarri duen gizartean».

Bien bitartean, senarra oraindik ere Logronoko hospitalean dago, ustez bere buruari egindako zaurien ondorioz. Angulori autopsia egindakoan, bestetik, erabakiko du familiak noiz izango diren hileta elizkizunak.

Aurten genero indarkeriagatik Euskal Herrian hil den hirugarren emakumea izan daiteke Estibalitz Angulo. Urtarrilean Tatiele de Sousa Neres, 20 urteko emakume brasildarra hilik agertu zen Iruñean, eta uztailean, Nagore Laffage gazte irundarraren gorpua aurkitu zuten Orondritzen (Nafarroa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.