Kazetaritza

Estitxu eta Ixiar Eizagirre, eta Amets Arzallus Rikardo Arregi Kazetaritza Sariketan irabazle

Estitxu eta Ixiar Eizagirre ahizpek 'Argia' aldizkarian egindako elkarrizketak eta Amets Arzallusek Euskadi Irratiko 'Goizean Behin' saioan irakurritako iritzi zutabeak saritu ditu aurten Rikardo Arregi Kazetaritza Sariketako epaimahaiak. Horrez gain, Leire Kortabarria 'Goienkaria'-ko kazetariari aipamen berezia eman diote Kazetari Berria atalean, eta ohorezko saria jaso dute, berriz, historian zehar euskara hutsez kaleratu diren egunkariek: 'Eguna'-k, 'Egunkaria'-k, eta 'Egunero'-k.

2003ko ekainaren 28a
15:27
Entzun
Urtero bezala —15.na da aurtengoa—, Andoaingo udaletxean banatu dira Rikardo Arregi Kazetaritza Sariketako sariak. Sari nagusia Estitxu eta Ixiar Eizagirre ahizpek jaso dute, 2002ko ekainetik 2003ko maiatza bitartean 'Argia' aldizkarian astero-astero plazaratutako elkarrizketengatik. 6.000 euroko diru saria jaso dute Estitxu eta Ixiar Eizagirrek.

Kazetari Berria atalean —25 urtez azpiko kazetari gazteak saritzen dira, Amets Arzallus kazetari eta bertsolari ezaguna nagusitu da. Hain zuzen ere, Arzallusek Euskadi Irratiko 'Goizean Behin' saiorako prestatutako iritzi zutabeak loriatzea erabaki du epaimahaiak. Kazetari Berriarenatal horretan, ordea, aipamen berezia ere eman dute: Leire Kortabarria 'Goienkaria'-ko kazetariari eman diote aipamen hori, Billy Peterson CSI telesail estatubatuar ezaguneko aktoreak Oñatin egin zuen egonaldiari buruzko erreportaiagatik.

Gainera, aurten ohorezko sari berezia ematea erabaki du epaimahaiak. Hain justu, 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxierak gizartean sortutako asaldadura dela eta, historian zehar euskara hutsez kaleratu diren egunkariei omenaldia egitea deliberatu du: 'Eguna'-ri, 'Euskaldunon Egunkaria'-ri eta 'Egunero'-ri eman diete sari hori. Agustin Zubikarai 'Eguna'-ko zuzendariaren alabak jaso du egunkari horri dagokion saria, Juan Mari Torrealdai 'Egunkaria'-ko administrazio kontseiluko lehendakariak kazeta horri dagokiona, eta Eneko Bidegain zuzendariak 'Egunero'-ren partea.

Esker oneko hitzak izan dituzte, oro har, saritu guztiek. Guzti-guztiek, norberaren lan taldeari eskaini diote saria, eta, era berean, den-denek, iragan otsailaren 20an Guardia Zibilak zarratutako 'Euskaldunon Egunkaria' izan dute gogoan beren hitzaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.