Euskal presoak

Estrasburgok atzera bota ditu presoen zigorrak batzeko beste bost eskaera

Erabaki bera hartu zen iazko urrian Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, beste hiru euskal presoren eskaerekin.

A. LOIOLA / FOKU. EUSKAL PRESOEN ALDEKO MOBILIZAZIOA, JOAN DEN MARTXOAN, BILBON
2019ko abuztuaren 29a
13:44
Entzun

Lau euskal presoren eta GRAPOko baten eskaerak ere atzera bota ditu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Epaileen arabera, Espainiak ez du haien eskubiderik urratu espetxean egin beharreko denbora kalkulatzean, Frantzian preso egindako urteak aintzat hartu ez arren. Iazko uztailean ebatzi zuen lehenengoz gaiaren inguruan, eta bide beretik etorri dira orain arteko erabaki guztiak. Gaurkoan, Juan Luis Agirreren, Julen Atxurraren, Iñaki Bilbaoren eta Idoia Martinezen eskaerak bota dituzte atzera, baita GRAPOko Fernando Silvarena ere (1954, Galizia).

Epaileek argudiatu dutenez, presoek Frantzian betetako zigorrak kaleratze egunerako kalkuluan aintzat hartzeko eskatu zutenean, "Espainiako zuzenbideak ez zuen aurreikusten arrazoizko modu batean Frantzian betetako zigorrak aintzat hartuko zirenik 30 urteko gehieneko zigorraren iraupena zehaztean". Ekainean, Estrasburgok artxibatu egin zituen gisa bereko beste hamasei eskaera, presoek erabaki baitzuetan prozedurekin aurrera ez jarraitzea.

Europako Batzordeak 2008an onartutako zuzentarau baten arabera, Europako Batzordeko kide den edozein estatutan betetako zigorra aintzat hartu behar da beste estatu batean, eta espetxean emandako denbora bigarren zigor horretatik kendu behar da, ez betetzeko zigorra bi aldiz. Espainiarentzat ere bete beharrekoa zen hori, baina, hasieran, uko egin zion irizpide hori aintzat hartzeari zigorra Frantzian betea zuten euskal presoen kasuan. Azkenik, 2014an sartu zuen Espainiak zuzentarau hori bere legerian, baina, aldi berean, hainbat baldintza jarri zuen horretarako, praktikan ezinezko egiten zutenak euskal presoek zigorrak batu ahal izatea.

Erabaki horrek beren eskubideak urratzen zituelakoan, zenbait presok eskaera bat aurkeztu zioten Estrasburgoko Auzitegiari, baina orain arte auzitegiak ez ditu eskaera horiek aintzat hartu.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.