torturak

Estrasburgok bihar zortzi jakinaraziko du Otamendiren tortura salaketari buruzko epaia

[YouTube]http://youtu.be/ehpj6ZTtAYg[/YouTube] BERRIAko zuzendari eta 'Egunkaria'-ko zuzendari ohiak 2008an jo zuen Europako auzitegira, 'Egunkaria auziko' operazioan jasandako torturen salaketa Espainiak behar bezala ikertu ez zuela argudiatuta. Bideoa: Otamendi 2003ko otsailean, epaileak libre utzi ondoren egindako adierazpenak.

2012ko urriaren 8a
18:39
Entzun

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak bihar zortzi emango du Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohiak Espainiaren kontra jarritako tortura salaketari buruzko epaia, auzitegiak berak gaur esan duenez.

Otamendik 2008an jo zuen Estrasburgoko Auzitegira. 2003ko otsailean, Egunkaria auziko operazioan, Guardia Zibilaren esku atxilotuta egon zenean jasandako torturak eraginkortasunez ez ikertzeagatik eta ikertzeko bitartekorik ez jartzeagatik salaketa jarri zuen Espainiaren kontra. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu izana egotzi zion.

Tortura kasuetan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren arabera, estatuak behartuta daude ikerketa ofizial eraginkorra egitera. Otamendik auzi medikuaren aurrean, Juan del Olmo epaile instruktorearen aurrean, Madrilgo epaitegian eta Tolosako epaitegian salatu zuen torturak jaso izana. Madrilgo Probintzia Auzitegiak, ordea, artxibatu egin zuen auzia, eta ondoren jarritako babes helegitea ez tramitatzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak —2008ko martxoan—. Espainian bide judiziala agortuta, Estrasburgoko Auzitegira jo zuen Egunkaria-ko zuzendari ohiak, 2008ko irailean.

Haren abokatu Iñigo Iruinek Estrasburgoko Auzitegiaren bi epai izan ditu oinarri: 2011ko martxoaren 8an Aritz Beristainen alde ebatzitakoa eta 2010eko irailaren 28an Mikel San Argimiroren alde ebatzitakoa. Aipatutako kasu bietan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen, tortura salaketak ikertzeko betebeharra urratzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.