Estrasburgoko epaileen artean Espainiako ordezkari izango denak doktrinaren aurka bozkatu zuen uztailean

2013ko martxoaren 19a
16:18
Entzun

Luis Lopez Guerra Espainiako Justizia idazkari ohia izango da Espainiaren ordezkaria Europako Giza Eskubideen Epaitegiko areto nagusian, Ines del Riori ezarritako 'Parot doktrinaz' eztabaidatzeko. Hamazazpi epailek eztabaidatuko dute bihartik aurrera 197/2006 doktrinaz —tartean, herrialde ugaritako ordezkariek— eta Lopez Guerrak ordezkatuko du Espainia.

Lopez Guerra Espainiako Justizia idazkari izan zen 2004 eta 2007 artean, Espainiako presidentea Jose Luis Rodriguez Zapatero zela. Iazko uztailean ebatzi zuen Estrasburgok 'Parot doktrinak' giza eskubideen aurka jotzen zuela, eta neurri hori bertan behera uztearen alde bozkatu zuen Lopez Guerrak orduan.

2007. urteaz geroztik Europako Giza Eskubideen Epaitegiko kide da Lopez Guerra, eta haren kontra egin izan dute biktimen elkarteek. Plataforma horien ustez, Espainia doktrina bertan behera uztearen aldekoa denaren ideia zabaltzen ari da Lopez Guerra beste epaileen artean.

Urko Aiartza, defentsako abokatuen taldean

Bestalde, gaur jakinarazi dute Urko Aiartza Amaiurreko diputatua Del Rioren defentsako abokatuen taldean izango dela bihar. Martxoaren 4an eginiko agerraldi batean ezagutarazi zuten Amaia Izko, Mark Muller, Didier Rouget Michael Ivers eta Sudhanshu Swaroop abokatuek prestatu dutela Del Rioren defentsa, baina Aiartza ere Estrasburgon izango da bihar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.