Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio presoaren auzia eta hari ezarritako 197/2006 doktrina aztertzen dituela eta, agerraldi bat egin du gaur goizean Etxerat elkarteak. Ohartarazi du biharkoa "gako handia" izan daitekeela, eta gaineratu du "giza eskubideak jokoan" izango direla.
"Gure senide eta lagunei bere garaian epaitegiek zigor bat ezarri zieten, hasiera eta amaiera data zuten zigorrak. 2006az geroztik, Espainiako Auzitegi Gorenak 197/2006 dotrina aplikatzen du. Eskubidearen kontrakoa izan arren atzeraeraginarekin aplikatzen du, hau da, preso politikoak bizi osorako zigortzen ditu, berez, zigortuak ez zeuden zigor batera", salatu du Etxerat-ek.
Gainera, kritikatu dute zigorrak luzatzeko erabakiaren berri espetxealdiaren azken egunetan edo, kasu batzuetan, libre geratzeko egunean bertan eman dietela presoei.
Asteak edo hilabeteak behin betiko ebazpenerako
Ines del Rioren eta Espainiaren abokatuek bihar azaldu beharko dituzte Europako Giza Eskubideen Auzitegiko areto nagusian 197/2006 doktrinaren aldeko eta kontrako auziak. Asteak edo hilabeteak igaro daitezke epaia iristerako, ordea. Abokatuek esandakoak entzun eta gero, ateak itxita eztabaidatzen hasiko dira epaileak. Gehiengoak onartu behar du ebazpena; hortaz, bederatzi epaileren aldeko botoa beharko dute epaia onartzeko.
Erredakzio Batzorde batek idatziko du ebazpen proposamena, eta areto nagusiko kideek berriro aztertu beharko dute proposamen hori. Asteak edo hilabeteak eman ditzakete bi eztabaidetan. Europa Press berri agentziak zabaldu duenez, ez dute ebazpenik argitaratuko uda baino lehen.