Jasotako epaia “politikoa” dela salatu du Tasio Erkiziak. Joan den astean iragarri zuen Auzitegi Konstituzionalak kondenatu egin duela 2008ko ekitaldi politiko batean Jose Miguel Beñaran Argala-ren inguruan esandako hitzengatik. Horren harira, Tasio Erkiziak eta Jone Goirizelaia abokatuak agerraldia egin dute Bilbon, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegitea jarriko dutela adierazteko.
Zigorrak Erkiziaren adierazpen askatasuna urratzen duela salatu dute. Gainera, esan dutenez, ez da bermatu bidezko eta luzapenik gabeko epaiketa bat izaterik. Izan ere, 2008an izandako gertakariengatik zigortu dute Erkizia, eta zortzi urteren ostean heldu da Konstituzionalaren ebazpena. Goirizelaiak zehaztu du kontrako boto partikularrak izan direla epaia egiterakoan, eta, bere iritziz, epaia “gaizki idatzita” dagoela.
Erkiziak salatu du “gorrotoaren diskurtsoa” egotzi diotenean “prebarikatu” egin dutela, eta berak esandako hitzak “testuinguru barruan” aztertu behar direla. Bestalde, epai “politikoak” jasotzera “ohituta” daudela adierazi du, eta helburua “gatazka desitxuratzea eta irakurketa bakarra inposatzea” dela.