Europako Giza Eskubideen hirugarren artikuluan oinarritu dira helegitea aurkezteko: "Inork ez ditu tortura edo tratu txarrak pairatuko". 2011eko urtarrilean atxilotu zuten Xabier Beortegi, Guardia Zibilak Ekinen aurka Nafarroan egindako operazioan, beste bost lagunekin batera. Urte bereko maiatzean aurkeztu zuen salaketa auzitegian, baina 2012ko martxoan kasua itxitzat eman zuen epaileak, Behatokiaren eta TATen hitzetan, "salaketa eraginkorrik egin gabe".
Hori dela eta, bi arrazoi aipatu dituzte Europako Giza Eskubideen Auzitegian helegitea aurkezteko: ikerketa falta, eta tortura saihesteko neurriak bete ez izana Espainiak. Aurrez, Estrasburgoko Auzitegiak hainbat kasutan zigortu izan du Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik: Aritz Beristainenean, Mikel San Argimirorenean, eta Martxelo Otamendirenean.
'Aztnugal'
2011eko urtarrilean, inkomunikatu egin zituzten Beortegi eta sarekadan atxilotutako gainontzeko pertsonak, lau eta bost egunez. Beortegik berak auzi medikuei salatu zien jasandako tratua, publikoki ere kontatu zituen jasandakoak, eta hala egin zuen Fernando Grande-Marlaska epailearen aurrean ere. Sarekada hartan atxilotu zuten Jon Patxi Arratibel ere, polizia deklarazio batean 'Aztnugal' sinatu zuena —'Laguntza', alderantziz—. Estrasburgon dago haren kasua ere.