'Parot doktrina'

Estrasburgoren epaia auzitegi bakoitzak aplikatzea ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak

Ez ditu Gorenak erabakiko kasu guztiak. Preso bakoitzari Parot doktrina aplikatu dion auzitegiari dagokio Estrasburgoren epaia aplikatu eta hura aske utzi edo ez erabakitzea. Beraz, ostiraleroko bileretan kasuak banaka aztertzen segiko du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Gorenak datorren astean deliberatuko du bere esku dauden bost kasuei buruz.

Ines del Rioren ebazpenaren zain zeudela urrian egindako protesta bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ, ARP
2013ko azaroaren 12a
16:31
Entzun

Estrasburgoren epaia Parot doktrina aplikatu zuten auzitegiek beraiek ezartzea ebatzi du gaur Espainiako Auzitegi Gorenak. Bigarren Zigor Salako hamasei epaileek diote, doktrina aplikatu zuten beraiei dagokiela hura indargabetzea, hala egiten behar denean, eta ez Gorenari. Erredentzioak kontatzeko modua Gorenean bihurtu zen doktrina 2006an, baina aplikatu, zigorra jartzen duten auzitegiek aplikatzen dute. 

Beraz, aurreko astean abiatutako bidean jarraituko du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ostiralero bilerak egingo ditu Zigor Salak, eta kasuak banaka aztertu ostean presoak kaleratzen. Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiekin alderen bat konforme ez balego, Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera luke. 

Gorenak datorren astean erabakiko du bere esku dituen bost kasuei buruz. Izan ere, Parot doktrina aplikatuta giltzapean dauzkaten bost presoren helegiteak ditu mahai gainean, Espainiako auzitegietan jarraitzen ari ziren prozedimentuaren baitan. Haietako batzuk fiskalak jarritako helegiteak dira, aske utzitako preso batzuk berriz kartzelatzeko eskatuz. 

11:00etan hasi da bilera Gorenean, eta 14:00ak aldera amaitu da. Orrialde bat eta hiru puntu jasotzen dituen oharra idatzi dute. Gaur ez dute kasu zehatzik aztertu.

Auzitegi Nazionalak Gorenari aurre hartu zion ostiralean eta Parot doktrina ezarria zuten bederatzi presoren kaleratzea agindu zuen. Gaurko bileran bildu diren magistratuen ustez, ondo egin zuen Auzitegi Nazionalak, eta horretan jarraitu behar du, beste inoren zain egon gabe. Kasus kasu aztertzen. Berak aplikatu zuenez doktrina, berari dagokio kentzea ere.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak aurkeztutako ikuspuntua ere aztertzekoak ziren atzo Gorenean. Hark proposatu zuen 2006ra arte betetako zigorrei espetxe onurak aitortzea, eta ez hortik aurrerakoei, doktrinaren aplikazioa bertan behera utziz, baina hura ezarrita duten zenbait presoren kaleratzea atzeratuz. Hori argitzea Gorenaren eskuetan utzi zuen Auzitegi Nazionalak.

AVTk Auzitegi Gorenaz: "Erditik kendu nahi badute onena desagertzea da"

Angeles Pedraza AVT Terrorismoaren Kontrako Biktimen elkarteko presidentearentzat "ulertezina" da Auzitegi Gorenaren gaurko erabakia: "Ez du esku hartu nahi" Estrasburgoren ebazpenaren gainean, eta hala bada, "hobe da desagertzea, gutxienez espainiarrok soldatetan aurreztuko dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.