Euskal presoei Espainiatik kanpo betetako zigorrak ez zenbatzeko irizpidea bertan behera utz dezake Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Presoen abokatuek jakinarazi dutenez, urriaren 23an emango du auzi horri buruzko epaia, eta Sare plataformak presoen aldekoa izatea espero du. Hala bada, Espainiak kontuan izan beharko ditu zigorrak zenbatzeko orduan euskal presoek Europako Batasuneko herrialdeetan egin dituzten espetxe urteak. Sarek azaldu du aldaketak horrek 50 presoren zigorrak murriztea ekarriko lukeela eta 14 aske geldituko liratekeela.
Sarek salatu duenez, Espainiak dagoeneko onartua du irizpide hori, 2008az geroztik. Hala ere, Espainiak Europako araudia urratu duela salatu du. Sareren esanetan, Estrasburgoren epaiak behin betiko amai dezake irizpide hori ez betetzea.
Plataformak Espainiako Gobernuari eskatu dio Estrasburgoren epaia balia dezala espetxe politikan hitzemandako aldaketak bultzatzeko eta alor horretan "erabateko aldaketa" egiteko. Urruntze politika amaitu, gaixo dauden presoak askatu eta salbuespen legedia indargabetzeko galdegin dio Pedro Sanchez Espainiako presidenteari.
Horrez gain, auzitegiaren epaia presoen aldekoa bada, ebazpenari helegiterik ez aurkezteko ere eskatu dio. "Ez dadila berriro gertatu Ines del Riorekin gertatu zena", adierazi du. Sarek salatu duenez, Del Riok urte bete gehiago eman zuen espetxean, Espainiak helegiteen bidez auzia luzatu zuelako.
Epaia dagoeneko berandu datorrela ohartarazi du Sarek, hainbat presok dagokien zigorra baino gehiago betea dutelako jada. Estrasburgok Santiago Arrospideren, Kepa Pikabearen, Alberto Plazaolaren eta Francisco Mujika Garmendiaren egoeraren gainean ebatziko du; baina, haiei aplikatzen zaien irizpidea gainerako presoentzako doktrina bihur daiteke.
Epaia espero den egunaren aurretik, mobilizaziorako deia egina duela gogorarazi du Sarek, eta urriaren 20ko manifestazioan parte hartzera deitu du euskal gizartea. Kalera irtetearen garrantzia nabarmendu du, "bai Madrilek bai Europak benetako bakearen eta elkarbizitzaren alde aurrera egin nahi dugula ikus dezaten".