Parot doktrinaren inguruan Estrasburgok astelehenean emango duen epaiaz, agerraldi bat egin dute hainbat eragilek gaur. Rosa Lujanbio eta Mikel Buttonek hartu dute hitza, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba, Sortu, Antikapitalistak, Gorripidea, Eusko Ekintza, Ezker Gogoa, LAB, EILAS, Ernai, Gazte Abertzaleak, Etxerat, ESAIT, EPPKren bitartekaritza, Goldatu Elkartea, Eusko Lurra Fundazioa, Argentinako kereilaren aldeko euskal plataforma, Bilgune Feminista, Euskal Herrian Euskaraz, Bai Euskal Herriari eta Erabaki eragile politiko, sindikal eta sozialen izenean.
Auzitegiak 2012ko uztailean emandako ebazpena berrestea espero dute, eta 197/2006 doktrina baliogabetzea. "Baina Areto Nagusiak dioenaz harago, herri honen gehiengoaren nahiarengan konfiantza dugu, eta salbuespen neurriak gainditzeko gakoa guztion aktibazio sozialean oinarritzen dela azpimarratu nahi dugu", gaineratu dute.
Mobilizazio ugari antolatu dituzte astelehenerako. Goizerako Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean elkarretaratzeak eta batzarrak prestatu dituzte, epaiaren kaleratzea itxaroteko. Eta arratsaldean 197/2006 doktrina ezarria duten presoen herrietan zein beste hainbat lekutan, mobilizazioak egingo dituzte.
11:00etatik 13:00era elkartuko dira astelehen goizean, Bilboko Plaza Biribilean, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, Donostiako Boulebarrean eta Iruñeko Arrano kultur elkartean.