Ostiraleko bileran Auzitegi Nazionalak ez ditu kasu horiek zehatz-mehatz jorratuko; erabakiko duena da banaka aztertuko dituen edo denak batean, eta, horrez gain, Zigor Areto osoak erabaki behar duen edo kasuak eraman dituen atal bakoitzak. Del Rio eta Troitiñoz gain —lehena aske geratu zen asteartean eta bigarrena baldintzapean aske uztea erabaki dute—, ETAko beste 58 preso daude Parot doktrinaren eraginez espetxean.
Mahai gainean aztergai izango dituen eskaerak Juan Manuel Piriz eta Joxepa Ernagarenak dira. Parot doktrina ezarri zien Auzitegi Nazionalak bi preso horiei, baina helegitea aurkeztua zuten. Orain Estrasburgoren erabakia ere aintzat hartu beharko du.
Gorena ere aurki bilduko da
Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak esateko zer duten ere ikusteko dago. Goreneko Zigor Aretoko bigarren salak aurreratu du datozen egunetan bilera bat egingo dutela Estrasburgoren erabakia aztertu eta erabaki bat hartzeko. Gorena izan zen 2006. urtean doktrina sortu zuen auzitegia. Gorenean bost helegite daude.
Guztira, ETAko hirurogei preso daude espetxean 197/2006 doktrinarekin espetxealdia luzatuta, EPPK-ko 56 eta Langraizko bidea hartu zuten lau. Auzitegi Nazionalak aurreratu du jada kasuz kasu aztertuko duela bakoitzaren egoera, alegia, ez dituela ofizioz aske utziko eta preso bakoitzaren eskaera jaso zain egongo dela.