'Parot doktrina'

Estrasburgoren erabakiaren gaineko filtrazioak “kanpaina baten parte dira” Etxerat-entzat

Hainbat komunikabide espainiarrek eman dute 'Parot doktrina'-ren inguruko albistea: haien arabera, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak “berehala” emango du erabakia, eta 197/2006 doktrinaren kontrakoa izango da.

2013ko urriaren 8a
17:20
Entzun

'La Razon', 'ABC' eta Ser kateak esan dute: Estrasburgok 'Parot doktrina' bertan behera utziko duela gutxira, eta horrek euskal preso askoren berehalako askatasuna eragingo lukeela. Etxerat-ek dioenez, ordea, ez dago ziurtasunik edo jakinarazpen ofizialik Estrasburgoko erabakiaren inguruan; “ez noiz etorriko den eta are gutxiago zein izango den erabakia”.

Albisteak han eta hemen politikarien erreakzio ugari sortu ditu, baina Etxerat-entzat, argia da komunikabide horien helburua: “Alarma soziala zabaldu eta Estrasburgoko erabakian eragiteko sortutako kanpainaren parte” da filtrazioa. “Ez dute batere sinesgarritasunik merezi, zabaldu diren medioen ildo editoriala kontuan hartzen bada, beti 197/2006 doktrinaren eta euskal presoen kontrako ezein salbuespen neurriren alde” . Harago, komunikabideok bat egin dute “argi eta garbi” PPren gobernuak Estrasburgori presio egiteko daukan borondatearekin.

“Edozein kasutan, eta espekulazioetan eta auzitegiaren esparruan sartu gabe”, Etxerat-etik “erabaki on bat” espero dute, “hori delako pertsonen oinarrizko eskubideen errespetuzko irtenbide bakarra”. Horrela esan zuen Estrasburgok, eta horrela mantenduko duela espero du Etxerat-ek.

Erreakzioak

EAJ, EH BIldu, PSE, PP, UPD eta Espainiako Barne ministroaren adierazpenak ere ekarri ditu filtrazioak, testuinguru hipotetiko horren gaineko iritziak, orain arte esandakoen ildotik.

EAJrentzat "urrats erraldoia" litzateke bakerantz, "giza eskubideak argi eta garbi urratzen" dituelako. Ortuzarrek eta Erkorekak adieraziak horiek.

EH BIlduko Dani Maeztuk, berriz, uste duenez, "mendeku politikoa" da euskal presoen kontra, nahiz eta orain bere aplikazioak preso komunei eragiten diela "saltzen" duten. Hain zuzen, espainiar komunikabide horiek 'Parot doktrina' kenduz gero herritarrengan izua eragin duten bortxatzaile eta hiltzaile arriskutsuenen kasuak nabarmendu dituzte, ETAko presoekin batera.

PSE-EEri ez zaio iruditzen "hondamena" litzatekeenik bertan behera uzteko erabakia, eta gainera, "agerikoa" iruditzen zaio, Parot Doktrinaren "hainbat arau" bertan behera utziko dituela. Edozeren gainetik, hala ere, Estrasburgok esaten duena "onartu" behar da, Zuzenbide estatu bati dagokion bezala.

PPrentzat "erabat injustua eta krudela" da, Alfonso Alonsoren hitzetan, eta Espainiako Gobernuak "konfiantza dauka" Estrasburgok doktrina babestuko duela.

Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazentzat ez da garrantzitsua etakide baten giza eskubideen urraketa:  "Hogei pertsonaren baino gehiagoren hilketan parte hartu duen etakide baten giza eskubideak urratzen ari dira, eta horregatik kalteak ordaindu behar zaizkio. Hori baino arreta gehiago merezi duen kasurik bada munduan". Hori bai, Estrasburgok dioena errespetatuko du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.