Politika

Estrategia nazionala adosteko beharra azpimarratu du berriro Nazio Eztabaidaguneak

Azaroaren 8ra artean hausnarketa prozesua egingo du, eta bitartean ekarpenak egin ahal izango dira. “Euskal Herriak nazio gisa aurrera egin dezan, bere etorkizun askean sinesten dugunok erantzukizun handia dugu”.

2008ko irailaren 25a
19:06
Entzun
Gaurtik azaroaren 8ra arte hausnarketa prozesuan izango da 2008ko Nazio Eztabaida, Euskal Herrian “nazio estrategia adosteko eta elkarlan ariketa zehatzak garatze bidean jartzeko”. Izan ere, haren ustez, “Nazio Eztabaidaguneak, Euskal Herriak egun bizi duen zatiketa eta zapalkuntza gainditu eta eskenatoki berri bat eraikitzeko behar duen aldaketa politikoaren oinarrizko printzipioak finkatu behar ditu”.

Azaroaren 8an Iruñean Golem zinema aretoetan egingo duten osoko bilkuran bukatuko da gogoeta fasea, eta ekarpenak irailaren 28tik urriaren 28ra artean egin ahal izango dira; eragile, sektore eta herritarrei zabaldua dago. Bitartean ere egingo dituzte bilera batzuk. Gaur arratsaldean abiatu dute prozesua, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean egindako jendaurreko aurkezpenean.

Eztabaida prozesua parte-hartzailea izatea nahi dute. “Nazio gisa pentsatu eta aritzeko prest gauden indarrok, estrategia honen garrantziaz jabetu eta gure konpromisoa berrestearekin batera, konpromiso hori berritzearen garrantzia barneratu behar dugu. Euskal Herriak nazio gisa aurrera egin dezan, bere etorkizun askean sinesten dugunok erantzukizun handia dugu”.

2003ko urriaren 11n sortu zuten Nazio Eztabaidagunea, Donostian egindako batzarrean, eta “bertan, Euskal Herriak nazio gisa bizirauteko eta garatzeko ezinbestekoak diren baldintzak aztertu eta haiek gauzatzeko bideak finkatzea ezarri zitzaion misio nagusi gisa”.

Iaz egin zuten azkeneko eztabaida eta, aduradunek diotenez, autodeterminazio eta lurraldetasunean oinarritutako aldaketa politikorako “baldintzak eta aukerak” badirela ondorioztatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.