Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren aburuz, Euskal Herria «eszeptizismozko» eta «itxaropenezko» aro politiko batean dago gaur egun. Eszeptizismoa aurretik «zapuztu» izan direlako «ezker abertzaleak demokraziaren alde egingo zuela esan zuen prozesu batzuk», eta itxaropena «terrorismoaren amaiera gertu» egon daitekeelako.
Lehendakariak egungo egoera politikoa eta ongizate estatuak gizartean duen garrantzia izan zituen hizpide atzo, London School of Economics unibertsitatea Euskal Herriari buruz egiten ari den konferentzia zikloan emandako hitzaldian.
Hala, hitzaldiaren aurretik, Sortu legezkoa balitz «poztuko» litzatekeela azaldu zuen, horrek «ezker abertzaleak demokraziarako bidea egin duela» adieraziko lukeelako. Baina, bitartean, Jaurlaritza «zuhurtziaz» ariko dela nabarmendu zuen, «politika engainu batean eror ez dadin», beti daukaten jarrera horrek «bake bidean eraginik izan gabe».
Era berean, ETAren bukaerak gizartean aro berri bat ekarriko duela uste du, eta hiru ardatz jarri zituen etorkizunerako giltzarri gisa: justizia, egia eta demokrazia.
«Harro» EAEko ongizateaz
Ongizate estatuaren garrantziaren harira, ongizatea «zenbakiak eta estatistikak» izan beharrean, «bere borondatea» duen aktiboa, eta «pertsonen taldekako erabakiek eragiten duten» aktibitatea dela nabarmendu zuen Lopezek. Horrela, gizarteak aurrerapausoak emateko erakunde publiko sendoak eta gizartea solidarioa izatea oso garrantzitsuak direla uste du Lopezek. Baina erakundeen aldetik zerbitzuak emateaz gain, guztien «esfortzua eta laguntza» beharrezkoak direla gaineratu zuen.
Lehendakariak EAEko ongizate ereduaz «oso harro» dagoela azaldu zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren jarduna goraipatu zuen. EAEko ongizate eredua «ona» dela uste duen arren, aldaketak egiteko garaia izan behar duela azaldu zuen, etorkizunera begira egungo egoera hobetzeko.
Horregatik, krisiak gizartean eragina izan duen arren, eragin horrek gizarte zerbitzuetan islarik izan behar ez lukeela uste du mandatariak, eta Jaurlaritza erreforma bidez murrizketa horiek saihesten saiatzen ari dela adierazi zuen.
Bidenabar, hezkuntzan eta osasun publikoan egon diren aurrerapausoak goraipatu zituen, eta EAEko langabezia tasa Espainiakoaren erdia dela nabarmendu zuen.
«Eszeptizismozko» eta «itxaropenezko» aroan gaudela dio Patxi Lopezek
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egungo egoera politikoa eta ongizatea hizpide izan zituen atzo, Londresen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu