«ETA amaitzeko azken ahalegina» eskatu du Aresek

Herrizaingo sailburuak EAEn inbertitzera animatu ditu Espainian dauden enbaxadore eta diplomatikoak

Erredakzioa
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ETA amaitzeko «azken ahalegina» egiteko eskatu die Espainian kreditatuta dauden mundu osoko enbaxadore eta diplomatikoei. Aresen ustez, ETAren indarkeria amaitzeko eta «bakea eta askatasuna finkatzeko azkenengo txanpan» sartu gara, eta, horregatik, ezinbestekotzat jo du lanean jarraitzea «terrorismoa lehenbailehen amaitzeko».

Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen ordezkaritzaren bulegoan bildu da Ares mundu zabaleko enbaxadore eta kontseilariekin. Herrizaingo sailburuak indarkeriaren aurkako borrokan emandako «laguntza» eskertu die guztiei, eta adierazi du ETArengandik espero duen agiri bakarra indarkeriaren behin betiko amaiera iragartzen duena dela. Hain zuzen ere, ETAren amaiera da, Aren ustez, Espainiako eta Euskal Herriko herritarren «ametsa», eta horren alde borrokatzeko galdegin die herrialdeetako enbaxadoreei.

Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen ordezkari Irune Agirrezabalekin batera, Alemania, Irlanda eta Portugalen enbaxadoreak, Flandeseko ordezkaria eta Belgika, Frantzia, Norbegia, Suitza eta Erresuma Batuko politika gaietarako eta barne sailetako arduradunak izan dira batzarrean.

«Aukeren herrialdea»

Aresek Euskal Autonomia Erkidegoan inbertitzera animatu ditu enbaxadore eta diplomatikoak. «Euskadi aukeren herrialdea da, eta merezi du bertan inbertitzeak», azpimarratu du. Aresen ustez, inbertitzeko «giro egokia» ez ezik, «segurtasuna, egonkortasuna eta konfiantza» ere badaude gaur egun EAEn. Gainera, industria sare indartsua eta ekonomia dibertsifikatua daudela nabarmendu du Herrizaingo sailburuak.

Aresek bileran azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak etorkizuna izango duEspainiaren eta Europaren barruan baldin badago. «Euskadik badaki bere etorkizuna eraikitzeko erarik onena Espainia eta Europa barruko autonomia esparruan egitea dela».

EAEko turismoa bi urtez igo egin da, eta «egoera pribilegiatuan» dago orain, sailburuak esan duenez. Etorkizunean, gainera, azpiegiturak hobetuko dituzte, bisitariari harrera hobea egin ahal izateko, haren esanetan. Jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak enpresaburuekin elkarlanean jarraituko du, euskal enpresen internazionalismoa bultzatzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.