«ETA eta haren ideiak errotik kentzeko» deia egin du Zelaak

ETAren amaiera lortzeko «ideien hedapenaren eremuan» lan egin behar dela esan du jarduneko lehendakariak

Erredakzioa
Donostia
2009ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Urtero bezala, Gipuzkoako erakundeetako ordezkarien topagune bilakatu zen atzo Azpeitia (Gipuzkoa), San Inazio egunaren biharamunean santuaren ohoretan egin ohi den prozesioan eta mezan parte hartzeko. Ohiturari jarraituta, Isabel Zelaa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta egunotan jarduneko lehendakaria dena, San Inazioren omenezko ekitaldietan egon zen.

Han zela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei, eta bereziki Azpeitiko Udalari, elkarlana eskatu zien «ETA, haren konplizeak eta haren ideiak errotik kentzeko». «Eskaera sinplea egiten diet udalei, ez diezaiotela ETAri inolako tarterik utzi», adierazi zuen. Hala, uda partean herri askotan ospatuko diren jaietan ETAren ideologiarekiko «ulermenik» eta ETA «justifikatzeko eta babesteko» jarrerarik egon ez dadin lan egitea galdegin zien udal guztiei. ETAren amaiera lortzea «nekeza» izango dela aitortuta, Zelaak ezinbestekotzat jo zuen «ideien hedapenaren eremuan» lan egitea.

Gisa berean, ETAren biktimak gogoan izan zituen Zelaak, eta bereziki Iñaxio Uria, abenduaren 3an ETAk Azpeitian bertan hildako enpresaburua. Jarduneko lehendakariaren esanetan, ETAren biktima guztiei zor zaie «talde terroristaren amaiera».

Protestak

Adierazpen horiek Azpeitiko Udaleko talde guztiek udaletxe aurrean harrera egin baino lehen egin zituen jarduneko lehendakariak. Zelaa ertzainez inguratuta iritsi zen udaletxera. Ezker abertzaleak udalean dituen bost hautetsiak ere udaletxe plazan izanziren, Jon Anzaren desagerpena salatzen zuten Non da Jon? leloko elastikoak jantzita. Zelaak agintariak banan-banan agurtzerakoan, ezker abertzaleko zinegotziek Euskal Herria, konponbidea, hitza, erabakia eta bakea ziotenkartelak erakutsi zituzten, isilean. Ertzaintzak handik kanporatu zituen segituan.

Horren ostean, Azpeitiko alkate Julian Eizmendirekin eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanorekin batera, santuaren ohoretan egiten den prozesioan parte hartu zuen jarduneko lehendakariak. Gipuzkoako ahaldun nagusiak alkatearen eskutik aginte makila jaso ondotik, agintari guztiak Loiolako santutegi-ra joan ziren, prozesio labur batean.

Agintarien prozesioa Loiolako basilikara iristerakoan, Etxerat-eko ehunka kide zain zeuden. Urtero antolatzen du Etxerat-ek elkarretaratzea San Inazio zaindariaren jaietan. Atzo, Non da Jon? eta Euskal presoak Euskal Herrira zioten bi pankartaren atzean bildu ziren hainbat lagun, eta euskal presoen aldeko oihuak bota zituzten ordezkari politikoak santutegira sartu zirenean. Herrizaingo Sailaren aginduz, Etxerat-ek santutegiko sarreratik aurreko urteetan baino urrutiago egin behar izan zuen bilkura.

«Buruan jo»

Bestalde, Espainiako errege-erreginak Mallorcara iritsi ziren atzo oporrak pasatzera. Aireportuan hitz batzuk egin zizkien kazetariei Espainiako erregeak. «Buruan jo behar ditugu eta jarraitu haiek amaitu arte», esan zuen.

ETAren azken atentatuen harira, Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak Radio Euskadin egindako elkarrizketan abertzaleei eskatu zien «pauso bat gehiago» eman dezatela ETA behin betiko amaitzeko, «borroka armatuak ez duelako inolako zentzurik». Gogoratu zuen azken bi hamarkadetan maiz esan dela zuzenbide estatuak ETA garaituko zuela eta «denetarik» egin dela helburu hori lortzeko -ZEN plana eta GAL erakundea aipatu zituen-. ETA amaitzeko urteetan martxan jarritako neurri eta erabaki horiek guztiek euskal gizartean «arrastoa» utzi dutela nabarmendu zuen Egibarrek. Nolanahi ere, ETAri indarkeria uztea beste biderik ez zaiola geratzen, eta «orain inoiz baino gehiago» abertzaleek bide horretan lagundu beharko luketela iritzi zion EAJko buruak.

Aralarrek ere «ezkerrekoak eta abertzaleak» diren pertsona guztiei «arduraz jokatzeko» eta ETAri geratzen zaion amaiera duin bakarra «aldebakarrekoa eta ordainik gabekoa» dela publikoki aitortzeko eskatu zien. Aintzane Ezenarrok «pribatuan» indarkeria amaitu behar dela aitortzen dutenei mintzatu zitzaien, jendaurrean ere esan dezatela eskatuz.



«Elkarrizketa soziala eta politikoa» eskatu ditu Uriartek sermoian

Juan Mari Uriarte Donostiako gotzainak atzo San Inazioren omenez Loiolan eman zuenmezako sermoian, «bakea bide ez-biolentoetatik eraiki nahi duten alde guztietako sentsibilitateen arteko elkarrizketa soziala eta politikoa» eskatu zituen bakea eraikitzeko. Denen arteko elkarbizitza sortu nahi bada alde bakoitzak bere eskaerak «mugatu» beharko lituzkeela esan zuen Uriartek.Haren iritziz, gaur egun elkarrizketak «hondoa jo» du elkarren arteko konfiantza ezagatik eta interes kontrajarriengatik. Bakerako bidea errazteko, gainera, eliza «tresna lagungarria» izan daitekeela erantsi zuen. ETAren azken atentatuak izan zituen gogoan, eta «terrorismoaren aurka egotea betebehar morala» dela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.