ETAk agiria igorri du BERRIAra. Uztailaren 7an sinatuta dago, eta agiri horretan ondokoak esan ditu, beste gauza batzuen artean:
"Euskal Herrian bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko aukera dagoelako uste osoa izanik, bide horretan sakontzeko prestutasuna berretsi nahi du ETAk. Zentzu horretan eragile orori egiten diogu deia, konponbidearen alde murgildu dadin eta guztion artean elkarrizketa eta negoziaziorako esparruak zabal ditzagun".
"Hilabeteotan, ezker abertzalearen iniziatibaz eta beste sektore batzuetan ere egin den hausnarketaren ondorioz, egoera erabat aldatu da. Egun, burujabetzaren aldeko indarrek bere protagonismoa eta eraginkortasun politikoa berreskuratu dute, herri sektore zabaletan aldaketarako ilusioa eta esperantza piztuz eta indar metarako aukera eskainiz".
"Azken hileotako bilakaerak eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian burutu diren hauteskundeen emaitzek bereziki, zabaltzen ari den aro berrian mugarri bat ezarri dute, Euskal Herrian etorkizunari ekiteko ilusio eta itxaropenerako tokia dagoela erakutsiz".
BERRIAk eta BERRIA.INFOk bihar osorik argitaratuko dute agiria.