Espainiako Auzitegi Nazionala etorkizunari begira jarri da, eta ETAren indarkeriarik gabeko «zerumuga» dakusa, 2010eko Urteko Txostenean sei bider aipatu duenez.
Etorkizunari begira, oro har, baina partikularrean ere hari so jarri da, bere iraupenaz gogoeta egin baitu, eta, bai, iraun egin beharra daukala ondorioztatu du, «terrorismorik gabeko zerumuga batean ere».
Errejimenak eta garaiak aldatuko dira, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du desagertu nahi; aitzitik, «garai berrietara moldatzeko» bitartekoak eskatu ditu.
Historian «leku nabarmena»
«Terrorismoaren amaierari buruzko Historia idazten denean, kriminalitate modu horren amaieran Auzitegi Nazionalak jokatutako paper nabarmena egiaztatuko da, ezin baita ahaztu askatasunaren eta aniztasunaren alde egin dugun defentsa biktimei egin geniezaiokeen omenaldirik onena dela», aipatu dute Auzitegi Nazionaleko Gobernu Salak egindako idatzian.
«Terrorismoa edo gutxienez barne indarkeria amaitzen denean Auzitegi Nazionalak ere desagertu egin beharko lukeela dioten ahotsak altxatu diren arren», Auzitegi Nazionaleko jagoleek uste dute «egitura bertsuarekin edo moldaketa batzuk eginda» auzitegiak indarrean jarraitu behar duela, hura sortu zireneko «arrazoiak» ez direlako desagertu eta «arrazoi gehiago badirelako orain».
«Auzitegi Nazionalak, terrorismoa desagertzen denean ere, iraun egin behar du, beharrezko moldaketak eginda, irauteko arrazoi sendoagoak baitaude ez irauteko baino», diote beste behin idatzian.
Arrazoi horietako batzuk aipatzen ditu: «Nazioarteko izaera duten talde kriminalak, giza salerosketa, diru zuritzea...». Gai horiek «nazio lurralde osoan eskumena duten auzitegiak eskatzen dituzte, egungo bitarteko legal eta prozesalak ez baitira nahikoa horrelako krimen eta delituei jazartzeko».
ETA gabe ere, iraun egin nahi du Espainiako Auzitegi Nazionalak
«Terrorismorik gabeko zerumuga batean ere» beharrezkoa dela dio, «moldaketa batzuk eginda»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu