Politika

ETA "garaitu arte", Frantzia eta Espainiaren lankidetza defendatu du Vallsek

Gregorio Ordoñez saria eman diote Frantziako lehen ministro ohi eta Barne ministro ohiari, Donostian. Hura babesten, ekitaldian izan dira PPko hainbat kide, tartean Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu ohia.

Valls, gaurko ekitaldian, alde batean Aznar duela eta bestean Saenz de Santamaria. JUAN HERRERO, EFE
2018ko otsailaren 3a
18:30
Entzun

"Bukaeraraino" iritsi behar du Frantziaren eta Espainiaren arteko lankidetzak, Manuel Valls Frantziako Barne ministro ohiaren iritziz, "terrorismoaren kontrako borrokan". Orain artean egin duten lankidetza juridiko, politiko eta poliziara "eredugarria" izan dela azpimarratu du, eta ez lukeela aldatu behar ohartarazi du.

ETAren amaiera "poliziala eta judiziala" izateaz gain, "politikoa eta kulturala" ere izan behar dela ohartarazi du, gainera. "ETAko kriminalek onartu egin behar dute oker ibili direla, eta Espainiako gizarteari barkamena eskatu behar diote; ez dago beste irtenbiderik", esan du. Bere arabera, "adiskidetzea" ez da "gertatu dena ahazten joatea".

Espainiako hainbat agintartiren aurrean egin ditu hitzok Vallsek. Ana Iribarrek eman dio saria Vallsi, ETAk hil zuen Gragorio Ordoñezen alargunak. Eta ekitaldian ziren, besteak beste, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordea; Juan Ignacio Zoido Barne ministroa, Maria Dolores de Cospedal Defentsa ministroa eta PPren idazkari nagusia, Jaime Mayor Oreja ministro ohia, eta Alfonso Alonso EAEko PPren lehendakaria. Baina ez ziren PPkoak bakarrik: Juan Carlos Girauta Ciudadanosek diputatua, PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia, eta Santiago Abascal VOXeko presidentea ere han ziren, esate baterako.

Iribarrek ere hitz egin du Vallsen aurretik, eta esan du badela ordua "nazionalismoak bere lekuan jartzeko, bereziki Euskadin". Izan ere, bere ustez, azken 50 urteetako "diktadura terroristaren" kontaketa "hiltzaileen eta haien konplizeen alde" egiten ari da.

EAJrentzat eta Jaurlaritzarentzat ere izan du hitzik. ETAren indarkeriaren garaian, biktimek "begirada hotza jaso zuten EAJk gobernatzen zituen erakundeetatik", bere esanetan. Gainera, Jaurlaritzak proposatzen duen "terrorismoaren amaiera ordenatua" txarretsi du, eta instituzioek bultzatu nahi dute adiskidetzea "inmorala" dela salatu du.

Gogor hitz egin du katalanen kontra ere: "Nazionalista katalanen tribuak" bere aldarrikapenaren oinarrian askatasuna jarri duela salatu du. Hori "faltsa" bat dela uste du "itsaslapurren matxinada bat". Bere esanetan, kataluniako independentisten ahotan "askatasuna" hitzak Arnaldo Otegirenean "bakeak" duen esangura berbera du. Ez du zehaztu zein den esanahi hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.