Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteak eta Mariano Raxoi PPren lehendakariak bilera egin dute gaur goizean Moncloan, ordu eta erdikoa, ETAk su-etena hausteko hartutako erabakiaz hitz egiteko, eta biek gustura bukatu dute. "Oso balekoa izan da", esan du Raxoik, PPren egoitzan 13:30etik aurrera eman duen prentsaurrekoan. "Bilerako gauzarik garrantzitsuena Gobernuari babesa emateko nire jarrera izan da, betiere ETA garaitzeko eta ez harekin negoziatzeko. Dena dela, uste dut ez dagoela orain negoziazio garaian".
Zapateroren izenean, Raxoi komunikabideen aurrean mintzatu ostean, Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernuaren presidenteordeak hitz egin du, Moncloan, eta bilera "oso positiboa" izan dela jakinarazi du. Zapaterok Raxoiri egindako eskaeraren berri eman du, batik bat. "Alderdi politiko denek bat eginda egon behar dutela esan dio, Gobernuak denen babesa behar duela, eta galdutako konfiantza errekuperatu beharra dagoela".
Raxoik adierazi du adostasunerako ez duela baldintzarik jarri, "helburu bakarra eta lehentasuna ETA garaitzea delako. ANV legez kanporatzea garrantzitsua litzatekeela aipatu diot, Nafarroako eta Arabako erakundeetako kasuak ere aipatu dizkiot, baina baldintzarik jarri gabe. Izan ere, ETAk Barajasko atentatua egindakoan esan nuen erakunde terroristak iragartzen zuenean berriro hiltzen hasiko zela, ni Gobernuarekin egongo naizela. Iritsi gara une horretara eta nik Gobernuari babesa ematen diot".
Gobernuaren eta PPren ustez, hau ez da "erantzukizunak eta kritikak" elkarri leporatzeko garaia, "ETAk espainiar guztisk mehatxatu" dituela-eta. "Ekiteko ordua da, legearen pean", esan du Raxoik; "badakigu nola egin eta tresnak baditugu". Ildo horretan, Zapaterok bileran aipatu dio Poliziaren lana "indartuko" duela, baita Justiziarena eta nazioarteko lankidetza ere, De la Vegak jakinarazi duenez, eta "agenda" osatzekotan geratu dira.
ETAri mezua bidali diote, bide batez. "Ez du lorpen politikorik izango hiltzeagatik. Mina, beldurra eta amorrua eragingo ditu, baina ez gaitu makurtuko", Raxoiren arabera. De la Vegak "ETAk etorkizunik ez" duela erantsi du.
ETA-ren su-etena bertan behera.
"ETA garaitzeko" bilera "oso positiboa eta balekoa" izan dela diote Gobernuak eta Raxoik
Zapaterok erakunde armatua bukatzeko "babesa" eskatu dio PPko buruari, eta honek eman egin dio. "Nire jarrera izan da bilerako gauzarik garrantzitsuena", esan du Raxoik, eta baldintzarik ez diola jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu