Eta hemendik aurrera, zer? izeneko iritzi artikulua idatzi du Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak Ereiaro euskarari buruzko kanalean. Besteak beste, esaten du EAEko Euskararen Legea "errebisatzeko unea heldu" dela. "Euskaraz bizitzea posible izan dadin hartu behar diren erabakiak hartzeko unea heldu" dela ere idatzi du.
Astelehenaz geroztik kanal berri bat dago BERRIA.INFOn: Ereiaro du izena, eta euskarari buruzkoa da. Euskararen egoera, hizkuntz politikak, gizarte mugimendua... Euskararen normalizazioari buruzko edozein gaik izango du lekua bertan, eta Kanalak.berria.info/euskara helbidean egongo da ikusgai.
BERRIAk kudeatuko du kanala, eta, besteak beste, arlo hauek ditu:
- Euskararen inguruan BERRIAn argitaratutako albiste, elkarrizketa, iritzi... guztiak.
- Hizkuntz eskubideez salaketak egiteko txoko bat egongo da.
- Euskarari buruzko agiriak, agenda eta webguneak.
Eztabaidarako kanala
BERRIAk, batez ere, eztabaidarako kanala izatea nahi du. Horregatik, kolaboratzaile sare zabal bati bertan idazteko gonbita egin dio. Oraingoz, hauek dira baiezkoa eman dutenak: Paul Bilbao, Mertxe Mugika, Olatz Osa, Xabier Mendiguren Bereziartu, Mikel Irizar, Karmele Aierbe, Oskar Elizburu, Mikel Arrizabalaga, Joxemari Sors, Lurdes Auzmendi, Zigor Etxeburua, Josu Aztiria, Belen Uranga, Lore Erriondo, Igone Lamarain, Bego Bitorika, Rober Gutierrez, Garbiñe Petriati eta Andres Urrutia.
Irakurleek ere badute aukera iritzia emateko, Berriketan.info sare sozialean sortutako taldean.