ETA presaz desegin dezala eskatu dio Covite biktima elkarteak Espainiako Gobernuari, talde armatuaren "propaganda eteteko". Elkarteak adierazi duenez, gobernu demokratiko batek "ezin da ezer egin gabe geratu erakunde terrorista batek bere fanatismoaz harrotasuna agertu eta bere kideak publikoki nola omentzen dituen ikusten duen bitartean".
Coviteren esanetan, ETAk Aberri Egunerako egin duen adierazpenak -bere kideen "ahalegina" eta "eskuzabaltasuna" goratzen dituena- argi erakusten du erakundea ez dela bere "jarrera fanatikotik" aldendu, eta bere orain arteko ibilbidea "justifikatzen" duela.
"ETAk propaganda eta legitimazio kanpaina eraiki nahi bere amaieraren ustezko iragarpena egin aurretik", adierazi du biktima elkarteak.