ETAk Gudari Egunaren harira egindako agiri bat argitaratu du gaur Gara kazetak. Agirian, ETAk gatazkaren konponbidearekin "eta, oro har, askapen prozesuarekin erabateko konpromisoa" agertu du, nahiz eta Espainiaren eta Frantziaren jarrera oraindik urratsak egitearen kontrakoa dela salatu: "Etsigarria izan daiteke bakea eraikitzeko zenbat urrats egin ditugun eta Euskal Herria zapaltzen duten estatuek darabilten jarrera soilik behatuz gero. Are eta gehiago sufrimenduaren gurpilak jiraka jarraitzen duenean".
Jokabide horren aurrean "etsi ez, eutsi" egin behar dela uste du ETAk, "indarkeriaren eta zentzugabekeriaren aurrean konponbiderako arrazoizko bideak daudela aldarrikatuz eta Frantzia eta Espainia konponbidera erakartzeko herri presioa biderkatuz". Erakundearen esanetan, gatazkak irekitako "zauriak sendatu eta elkarrizketa eta akordiorako esparruak zabaltzeko unea" da, "guztion artean bake egonkor eta iraunkorraren zutoinak eraikitzeko".
Hain justu, bakea Euskal Herrian eraiki behar dela defendatu du ETAk, baina nazioartearen garrantzia ere nabarmendu du: "Estatuak, sufrimendua luzatzeko gaitasuna dutela erakusten ari diren arren, beren itxikeriak gero eta babes gutxiago du Euskal Herrian eta nazioartean. Gatazka elikatzen duten jarrerak alboratzeko eta urrats eraikitzaileak emateko Espainiari eta Frantziari zuzendutako eskaerak gero eta ozenagoak dira".
Esparru politikoan "aurrerapen esanguratsuak" eman direlakoan da, baina gaineratu du askapen prozesua "hasieran baino" ez dagoela. Hortaz, ezker abertzaleak "akatsak zuzentzeko eta etortzeke dauden erronka berriei erantzuteko" prest egon behar duela esan du ETAk: "Horretarako, nazio eraikuntzarako indar berriak atxiki, lan moldeak findu, proposamen politikoekin asmatu eta antolakuntza bitarteko egokiak garatu behar ditugu guztion artean".
Ildo horretan, ETAk dei egin dio "independentista eta iraultzaile orori ezker abertzaleko antolakundeetan eta herri mugimenduan antolatu eta Euskal Herriaren aldeko borrokan murgil dadin".