Martxoan ipini zituzten Juan Maria Araluze Villar, Jose Maria Elizegi Diez, Antonio Palomo Perez, Alfredo Garcia Gonzalez eta Luis Francisco Sanz Floresen omenezko plakak. Gaur, margo beltzez estalita agertu dira. 1976an hil zituen ETAk, eta, hain justu, Donostiako Udalak atentatuaren lekuan jarri zituen haien omenezko plakei eraso diete, Askatasunaren hiribideko 7. eta 9. zenbakien artean.
Plaka horiek beltzez margotu izana salatu dute Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak eta Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak. Halaber, Eneko Goia Donostiako alkateari gertakariaren inguruan mintzatzeko galdegin diote. "Horrela tratatzen da Donostian terrorismoaren biktimen memoria, ezabatuz" adierazi dute salatzaileek.
Era berean, Goiak "irmoki" gaitzetsi du ETAren bost biktimen omenezko plaken aurkako erasoa. "Min gehiago besterik sortzen ez duen ekintza mespretxagarria eta iraingarria" dela nabarmendu du. Hala, udaletxeko mantenuko langileei plakak garbitzeko eskatu, eta behar izanez gero, konpontzeko konpromisoa adierazi du alkateak, "giza eskubideen urraketa baten oroimenerako elementuak eta errespetatu beharrekoak" baitira.
Gipuzkoako Foru Aldundiko presidentea zen Juan Maria Araluze Villar hil zutenean. Harekin batera, Elizegi Diez haren gidaria eta Palomo Perez, Sanz Flores eta Garcia Gonzalez bere bizkartzainak hil zituzten. 1969an izendatu zuten Araluze Villar Gipuzkoako Foru Aldundiko presidente. Zazpi urteren ondoren, ETAk hil egin zuen.