Frantziako lehen ministro Dominique de Villepini 2005eko ekainean gutun bat bidali zion ETAk, Zutabe aldizkariaren 110. alean jakinarazi duenez. «Frantziako Gobernuarekin edozein koiunturaren gainetik harreman eta komunikazio bide zuzen eta iraunkorra eratzeko borondatea», adierazi zion erakunde armatuak Villepin lehen ministroari. ETAren ustez, komunikazio bide horren helburua «Euskal Herriak Frantziako Estatuarekin bizi duen gatazkari irtenbide demokratikoa emateko moduei buruz hitz egitea izan beharko litzateke». Halaxe adierazi zion ETAk Frantziako lehen ministroari, iazko ekainean bidalitako gutunean, 110. Zutabe-ren arabera.
Euskal Herriak duen gatazka politikoari buruz eta «konponbide bati begira alde bakoitzak egin beharreko urratsei buruz hitz egiteko erabateko borondatea» adierazi zion erakunde armatuak aipatutako eskutitzean. ETAren ustez, Frantziako Gobernuak konponbide prozesuari «muga eta oztoporik ez jartzeko borondatea « erakutsi beharko luke.ETAk dioenez, «erakundeak harreman ofizialak irekitzeko Frantziako Gobernuari bideratu dizkion gutun guztiak erantzunik gabe geratu dira», baita azken hori ere.Iazko azaroaren 18an, Bartzelonan Frantziaren eta Espainiaren arteko goi bilera egiten ari zirela, Aldaketa 16 aldizkariak filtrazio bat kaleratu zuen ETAren eskutitzaren inguruan. Villepin lehen ministroak ez zuen argitu Frantziako Gobernuak gutuna jaso zuen edo ez. Egun batzuk geroago, Frantziako Le Figaro egunkariak, iturri ofizialak aipatuz, argitaratu zuen ETAren gutuna Matignonera iritsi zela, hau da, lehen ministroaren egoitzara.
ETAk 2005ko ekainean bidali zion gutuna Villepini harreman bidea irekitzeko
Frantziako Gobernuari bideratutako gutun guztiak erantzunik gabe daudela dio ETAk 110. 'Zutabe' aldizkarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu