Politika

ETAk armak uzteko borondatea duen egiaztatzeko neurriak zorroztuko dituztela dio Zapaterok

Nolanahi ere, "indarkeria amaiarazteko aukera" dagoela erantsi du, eta aukera hori bultzatzeko "betebehar etikoa" duela Espainiako Gobernuak. PPren oposizio politika "terrorismoan" oinarritzen dela salatu du.

2006ko azaroaren 25a
17:01
Entzun
Frantziak Nimesko arma lapurreta ETAk egin zuela baieztatu ondoren Espainiako Gobernuak zein neurri hartuko dituen galdetu diote gaur berriro Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari. Atzo Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordeak eta Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak hartutako ildoari eutsi dio: ondorioak izango dituela berretsi du, baina zehaztasun handirik eman gabe. Soil-soilik ETAk armak uzteko borondatea duen egiaztatzeko neurriak zorroztuko dituztela iragarri du Zapaterok.

ETA martxotik su-etenean dagoela eta hiru urte baino gehiagoko epean ez duela inor hil oroitarazi du, eta horrek guztiak "indarkeria amaiarazteko aukera" dagoela erakusten duela iritzi dio. Espainiako Gobernuaren "betebehar etikoa" aukera hori bultzatzea dela erantsi du.

Horregatik, PPk gai horren inguruan duen jarrera kritikatu du Espainiako Gobernuburuak. Zapateroren iritziz, oposizioa "terrorismoarekin soilik" egiten du eskuineko alderdiak. "Trantsiziotik inoiz ez da baliatu terrorismoa oposizioa egiteko, eta orain terrorismoarekin soilik egiten dute oposizioa", esan du.

Adierazpen horiek guztiak Badajozen (Extremadura, Espainia) egin ditu, Jose Socrates Portugalgo lehen ministroarekin izan duen batzar baten ostean. Socratesek babesa agertu dio Espainiako Gobernuari bakea lortzeko bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.