Herrizaingoko iturrien arabera, Bilboko Larraskitu auzoan ETAk utzitako Peugeot 306 autoaren barruan zegoen lapikoak 15 kilo titadine bazituen ere, ez zegoen abisu emandako orduan lehertzeko prestatua. 'Gara' egunkarira deitu zuen atzo lagun batek eguerdiko 14:00etan Iberdrolaren azpiestazioaren alboan utzita zegoen bonba-autoak 14:45ean lehertuko zela esanez. Ertzaintzaren artezilariek bonba indargabetzea lortu zuten atzo arratsaldeo 18:00etan.
Ertzaintzaren iturrien arabera, lapikoaren azpian merkurioz beteriko kapsula bat zegoen eta beraz, eltzea bertatik kentzean eztanda egiteko prestatua zegoen. Horrez gain, bonbaren alboan atentatu saioa Ertzaintzaren aurkakoa zela zioen idatzi bat topatu zutela dio Herrizaingo Sailak. Lapikoaren azpian Urko eta Zigor izenak idatzita zeudela gaineratu zuten. 2000ko abuztuan Boluetan hil ziren Urko Aranberri eta Zigor Gerrikabeitiari buruz ari direla uste dute aipatu iturriek.
Javier Balza Herrizaingo Sailburuak berri horiek baieztatu ditu gaur, eta Ertzaintza "ETAren jomugan" dagoela azpimarratu. Ertzaintza atzoko gertakaria ikertzen ari da orain, ETAk Bizkaian duen azpiegituraren berri jakin nahiean.
Atentatu saioa
ETAk atzo jarritako bonba Ertzaintzaren aurkako tranpa zela dio Herrizaingo Sailak
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak atzoko azken orduan aditzera eman zuenez, Ertzaintzaren aurkako tranpa izan zen atzo arratsaldean Bilbon izan zen atentatu saioa. Javier Balza Herrizaingo Sailburuak berri hori baieztatu du gaur, eta Ertzaintza "ETAren jomugan" dagoela berretsi. Halaber, Ertzaintza atzoko gertakaria ikertzen ari dela esan du Balzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu