ETAk bere gain hartu ditu martxoko eta apirileko lau atentatu

PSE-EEko Abusu eta Elgoibarko egoitzen aurka eta Azpeitia eta Lapoblacion herriko telebista hedagailuen kontra martxoan eta apirilean egindako atentatuak bere gain hartu ditu ETAk. Erakunde armatuak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari eta Iñigo Urkullu EAJko EBBren lehendakariari egotzi die "ezker abertzalea suntsitzea" helburu dutela.

2008ko maiatzaren 9a
17:12
Entzun
ETA erakunde armatuak bere gain hartu ditu martxoan eta apirilean Euskal Herrian egindako lau atentatu Gara eta Berria egunkarietara bidalitako adierazpenaren bitartez. PSE-EEren Abusu eta Elgoibarko egoitzei egindako erasoak, eta Azpeitia eta Lapoblacion herrietako telebista hedagailuei eragindako kalteak bere erantzukizuna direla aitortu du.

ETAren hitzetan, PSOEk eta EAJk Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean egindako urratsetan Euskal Herriari "beste itun autonomiko bat inposatzeko" saioa ageri da. "Inoiz ez dugu onartuko inposizio egoera, horrelako iruzur batek Euskal Herriaren asimilazioan sakontzea barik ez luke ekarriko". Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari eta Iñigo Urkullu EAJren EBBko lehendakariari egotzi die "ezker abertzalea suntsitzea" helburu dutela, independentziaren aldeko borroka indargabetzen ahalegintzea, eta "Euskal Herriari beste ziklo bat inposatzen ahalegintzea".

Erakunde armatuaren arabera, Espainiako Gobernuak Euskal Herrian ezarritako salbuespen egoerak larritzen jarraitzen du. "Demokraziaren oinarrizko lege guztiak urratuz, Espainiako Estatuak bere demokrazia formalaren mozorroaren azpian sekula aldatu ez duen izaera neofaxista erakusten jarraitzen du". ETAk salatu ditu "hautetsi independentistak erakundeetatik kanporatzeko estrategian kokatutako Arrasateko alkatearen kartzelaratzea, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideen aurkako epaiketa iruzurra, eta gazteen aurkako sarekada eta torturak".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.