ETAk bi bonba zartarazi ditu Hego Euskal Herriko mugan

Erredakzioa
2006ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
ETAk indar txikiko bi lehergailu zartatu zituen atzo hainbat errepidetan: bat, A-8 autobidean, Ontonen (Kantabria, Espainia) eta bestea, N-111 errepidean, Vianan (Nafarroa), Espainiako Errioxarekin mugan. ETAren izenean euskaraz hitz egin zuen pertsona batek 06:35 aldera Gipuzkoako DYAra deitu zuen, lau errepidetan lehergailuak jarri zituztela ohartarazteko. Lehergailuak non zeuden jakinarazteaz gain, 07:00etatik09:00ak bitarte eztanda egingo zutela ohartarazi zuen deitzaileak.

Esandako lau lekuetatik bitanÐVianan eta OntonenÐ lehergailu bana zartatu ziren, baina beste bietan ez. ETAren izenean deitu zuenaren arabera, beste bi lehergailuakhonako lekuetan zeuden: A-1 autobidean, Gasteiz eta Burgos artean, eta A-68an, Iruñetik Zaragozako errepidean. Leku horiek itxita egon zirenhainbat orduz, baina Guardia Zibilak ez zuen bonbarik topatu.Aurreneko leherketa goizeko 08:10 aldera izan zen, Onton (Kantabria) herriaren parean. Guardia Zibilak eta Ertzaintzak hesituta zuen ingurua eztanda egin zuenean. Espainiako Gobernuak Kantabrian duen Ordezkaritzak jakinarazitakoaren arabera, indar txikikoa zen lehergailua eta ia ez zuen kalterik eragin. Emandako datuen arabera, bonba hiru kilo lehergaiz osatuta egon zitekeen. Abisua zela-eta, errepidea itxita egon zen eta auto ilarak sortu ziren A-8an ez ezik, N-634 errepidean ere.Bigarren leherketa, goizean 10:00ak inguruan izan zen, Vianaren (Nafarroa) lurraldean, N-111 errepideko 83,3 kilometroaren parean. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren arabera, leherketa txikia izan zen eta ez zen inor zauritu. Abisua jasota zegoenez, toki hori ere itxita zuen Guardia Zibilak bonbak eztanda egin zuenerako.Asteazken goizean Espainiako Falangeak Santoñan (Kantabria) duen egoitzaren aurka ETAk bonba bat zartarazi eta hogeita lau ordura jazo dira atzoko bi leherketok.

Beste tokiak

Nafarroan eta Kantabrian jarritako lehergailuen berri emateaz gainera, ETAren izenean hitz egin zuen deitzaileak beste bi tokitan bonbak zeudela ohartarazi zuen atzo; baina, Guardia Zibilak ez zuen lehergailurik aurkitu.

Hala, Gasteiz eta Burgos arteko A-1 errepideko abisuari dagokionez, guardia zibilek ETAren anagrama zuen zaku bat aurkitu zuten Miranda de Ebrotik (Burgos) gertu. Artezilarien esku utzi zuten zakua, baina barruan ez zegoen lehergairik, gatza baizik. Horren ostean, errepidea zabaldu egin zuten berriro.Iruñea eta Zaragoza arteko A-68 errepideko abisuari dagokionez, lehergailua Tutera (Nafarroa) eta Gallur (Zaragoza, Espainia) artean zegoela zehaztu zuen ETAren izenean deitu zuenak. 07:40tik 11:00ak arte itxia eduki zuten 245 eta 247 kilometroen arteko errepide zati hori, arakatzeko, baina ez zuten ezer aurkitu. Hortaz, errepidea berriro irekitzea erabaki zuten. Dena den, indar polizialen adituek jarraitu zuten bilaketa eta Aragoiko gobernu ordezkariak ez zuen baztertu lehergailuak eztanda egin izana.

Lasarte-Orian eta Donostian bonba mehatxu bana

Gipuzkoan bi bonba mehatxu egon ziren atzo goizean eta arratsaldean, baina gero ez zen inolako lehergailurik aurkitu.

Goizean 09:15ean, ETAren izenean hitz egiten zuen pertsona batek Lasarteko Geltoki kalean dagoen postetxean lehergailu bat zegoela ohartarazi zuen. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bertako bulegoak eta alboko lokalak hustu, eta inguruak hesitu zituzten. Zonaldea miatu ostean, baina, Ertzaintzak ez zuen bonbarik topatu.Arratsaldean 14:30ean ere beste bonba mehatxu bat jaso zen Gipuzkoako 112 larrialdietarako zenbakian. Ezezagun batek egindako deiak ohartarazi zuen Donostiako Loiolako Erribera kalean lehergailu bat zegoela. Kalea ordubetez hesituta egon zen, baina Ertzaintzak ez zuen inolako bonbarik aurkitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.