06:35 inguruan deitu du norbaitek Gipuzkoako DYAra, ETAren izenean ari zela eta lau errepidetan lehergailuak jarri dituztela esanez. Lehergailuak non leudeken zehaztasunez agertzeaz gain, 07:00-09:00 bitartean eztanda egingo dutela ohartarazi du. Bonbetako bat A-8an, Bizkaitik Kantabriarako errepidean jarri dutela agertu du; bestea, Gasteiz eta Burgos (Gaztela, Espainia) arteko autobidean; hirugarren bat Iruñea eta Logroño artekoan, eta laugarren Iruñea eta Zaragoza artekoan.
08:10 aldera, A-8an iragarri dutenak egin du eztanda, Onton (Kantabria, Espainia) parean. Guardia Zibilak hesituta zeukan ingurua eztanda egin duenean. Espainiako Gobernuaren Kantabriako Ordezkaritzaren arabera, indar txikikoa zen lehergailua eta ia ez du kalterik eragin. Hala ere, errepidea etenda egon denez, auto ilarak sortu dira A-8an ez ezik, baita N-634an ere.
Hamarrak aldera, berriz, Iruñea eta Logroño arteko N-111 errepidean zartatu da lehergailu bat. Abisua jaso ostean ingurua hesituta zeukan Guardia Zibilak. Leherketa indar txikikoa iza dela esan du Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak.
Gainerako abisuei dagokienez, Gasteiz eta Burgos arteko AP1 errepidekoa abisu faltsua izan dela erabaki dute Espainiako segurtasun indarrek. Izan ere, ETAren anagrama zuen zaku bat aurkitu dute deitzaileak esandako leku inguruan, Canabria (Burgos, Espainia) herriaren parean, baina barruan ez zegoen lehergairik.
Iruñea eta Zaragoza arteko AP68 errepideko mehatxuari dagokionez, Tutera (Nafarroa) eta Gallur (Zaragoza, Espainia) artean zegoela zehaztu du deitzaileak, 245 eta 247 kilometroen artean. 07:40tik 11:00k arte itxita eduki dute errepide zati hori Espainiako segurtasun indarrek, arakatzeko, baina ez dute ezer aurkitu. Errepidea irekitzea erabaki dute.
Atentatuak
ETAk bi lehergailu zartarazi ditu errepideetan, bat Nafarroan eta bestea Espainian
Lau errepidetan lehergailuak jarri dituztela ohartaraziz Gipuzkoako DYAra deitu du 06:35 aldera norbaitek, ETAren izenean. Esandako lau lekuetatik bitan —Vianan (Nafarroa) eta Ontonen (Kantabria, Espainia)— indar txikiko lehergailu bana zartatu dira. Gasteiz eta Burgos arteko AP1 errepidean zorro susmagarri bat atzeman dute esandako leku inguruan, baina barruan ez zegoen lehergailurik. Laugarren lehergailua Iruñea eta Zaragoza (Aragoi, Espainia) arteko errepidean jarri dutela ohartarazi dute, baina Espainiako segurtasun indarrek ez dute ezer aurkitu. Inguru guztia arakatuta bidea irekitzea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu