Gara-k 08:45 inguruan jaso zuen deia. Alcala eta Rufino Gonzalez kaleak elkartzen diren kale kantoian, San Blas auzoan, Renault express batean bonba bat zegoela ohartarazten zuen deiak, eta 09:30ean lehertuko zela. Gara-k deia jaso bezain laster Ertzaintzari deitu zion, eta Ertzaintzak Espainiako Poliziari. Enpresa ugari aurkitzen dira zonalde horretan. Goizeko 09:00-ak aldera Poliziak inguruko eraikinetan zegoen jendea irtenarazi zuen eta inguru guztia sokaz lotu. Deiak esan bezala, 09:30ean zartatu zen autoa.Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak jakinarazi zuenez bonbak 18-20 kilo kloratita zituen. Bezperan San Lorenzo del Escorial herrianlapurtutako autoan jarri zuten bonba. Matrikulak ez zituztela aldatu esan zuen Alonsok. Bonba jarrita zegoen autoaren lapurreta atzo 07:00etan salatu zuten.Alonsok adierazi zuenez, Espainiako Poliziak bonbaren berri izan bezain laster neurri zehatzak hartzen hasi zen eta 09:15erako segurtasun neurri guztiak hartuta zeuden.Hainbat lekukok adierazi zutenez, baina, bonba lehertu arteez zuten arriskuaren berriizan.Hainbat egunkaritako edizio digitalek lekukoen testigantza zuzenak jaso zituzten. Haien hitzetan argitaratzen zenez, lehenik leherketa entzun zuten eta gero eraikina husteko eskatu zieten Poliziek. Leherketa baino minutu batzuk lehenago autoaren aldamenetik pasatu zela esaten zuen lekuko batek. Eta han ez zegoela Poliziarik edo arriskuaren berri ematen zuen zantzurik.Leherketa izan zen pareko eraikinetan, behealdeak bai, baina goiko solairuak hustu gabe zeuden, lekukoen arabera, eta lehertu ondoren atera ziren.
Sei zauritu arin eta kalte material handiak
Bonbaren eztanda uhinek kalte material ugari eragin zituzten. Inguruan zeuden 20 eraikin eta 12 auto kaltetu ziren, horietako batzuk kiskali.
Polizia, suhiltzaile, udaltzain, mediku eta erizain andanak artatu zituzten zaurituak zartada izan zen toki berean. Samur-ek behin-behineko zortzi ospital ezarri zituen eta goizean zehar, etengabea izan zen artatu zuten jendea; 52, berri agentzien arabera. Horietako sei zauri arinekin ospitaleratu zituzten.Kalte arinak zituzten guztiek, zartadak eragindako burrunbarengatik eragindakoa buruko minak eta belarriko minak, edo eztanda-uhinek eragindako kristal apurketengatik ebakiak egindakoak ziren gehienak. Baita nerbiotakoak jotakoak ere. Mementoan sendatu zituzten gehienak, baina sei zauritu ospitalera eraman zituzten azterketa zehatzagoak egiteko. Arratsalderako senda agiria jasoa zuten guztiek.Zonalde hori itxita egon zen goiz guztian zehar, baina 13:30 baino lehen ospitaleak kendu zituzten. Suhiltzaileek lau tona hondakin jaso zituztela adierazi zuten. Arratsalderako San Blas auzoa normaltasunera itzultzen hasi zen.
-
erreakzioak
JOSUNE ARISTONDO (EAJ)
«Bakea lehentasuneko gaia da, eta ez dago ezein alderdiri lotuta»
Helburu politikoetarako indarkeria tresna moduan erabiltzea gaitzetsi beharrekoa da Josune Ariztondo EAJren EBBko idazkariaren ustez. Horregatik atentatua irmoki salatu zuen. Azpimarratu beharrekoa da, haren iritziz, bakea lehentasuneko gaia dela, eta ez dagoela ezein alderdi politikori lotuta. Honakoa gaineratu zuen: «Euskal gizarteak jaso nahi duen mezu bakarra ETAk armak utzi dituela da».
RODOLFO ARES (PSE-EE)
«Zuzenbide estatuaren irmotasunarekin ETAk badaki azkenetan dela»
«Madrilen gertatutako atentatuak gogorarazten digu terrorismoa oraindik ere badela, eta batasun osoarekin eta zuzenbide estatuaren tresna guztiekin aurre egin behar zaiola», adierazi zuen Rodolfo Aresek. Zuzenbide estatuaren irmotasun politiko eta moralak ETAren egungo «ahultasuna» posible egin duela iritzi zion, eta bide horrek baino ez duela bermatuko ETA amaitzea.
MARIA SAN GIL (PP)
«Negoziazio posible bat planteatuta ausartago sentitzen da ETA orain»
«ETA indartsuago eta ausartago sentitzen da orain, Zapaterok terroristekin negoziazio posible bat planteatu eta gero». Irakurketa hori egin zuen Maria San Gil PPko EAEko presidenteak. Eta Zapaterori hartutako bidean atzera egiteko eskatu zion, «bide okerretik sartu dela konturatu beharko litzateke Zapatero, terrorismoaren kontrako politikak bi alderdi nagusiak batzea lortu zuelako».
JOSEBA PERMACH (Batasuna)
«Gatazka politiko eta armatuaren ondorioek, zoritxarrez, jarraitzen dute»
«Zoritxarrez gatazka politiko eta armatuak utzitako ondorioak bere horretan dirau», adierazi zuen Joseba Permach batasuneko eledunak. Gatazkaren testuinguruan kokatu zituen orain bi urte izandako udal eta foru hauteskundeak «Hegoaldekoerakundeek herritarron borondatea ordezkatzen ez dutela bi urte bete dira». Demokrazia eta bakera eramango gaituen elkarrizketaren alde egin zuen.
ONINTZA LASA (EA)
«Irtenbiderako benetako borondatea badago, ekintzok soberan daude»
Onintza Lasa EAko legebiltzarkideak atentatuak gaitzetsi zituen, «berez nahiko zailtasun baditu bakegintza eta normalizazio prozesu batek, oztopo gehiago jartzeko». Horrelako ekintzak bakegintza eta normalizazio prozesuarentzat oztopo bat direla iritzi zion, eta auzi honi irtenbidea emateko benetan borondatea baldin badago, horrelako ekintzak soberan daudela adierazi zuen.