Atentatua

ETAk bonba-autoa leherrarazi du Iruñean, Nafarroako Unibertsitatean, eta 22 lagun arin zauritu ditu

11:00etan gertatu da atentatua, ordubete lehenago Arabako DYAn ETAren deia jaso ondoren. Deitzaileak, ordea, ez du Iruñean zela zehaztu eta Gasteizen ibili dira bonbaren bila. Opus Deiren unibertsitateko eraikin nagusiko atzealdeko aparkalekuan izan da leherketa, Liburutegitik hurbil. Eztanda handia izan da. Hamar auto erre dira leherketaren ondorioz, eta beste 30 bat kaltetu ditu. Unibertsitateko ikasle, irakasle eta langile guztiak bertatik atera egin dituzte atentatuaren ondoren, eta bihar ekingo diete berriro klaseei.

2008ko urriaren 30a
18:31
Entzun
Bonba-autoa leherrarazi du ETAk goizeko hamaiketan Iruñean, Nafarroako Unibertsitatearen campusean, aurrez abisua emanda -ezezagun batek telefono deia egin du Arabako DYAra 9:53an, ETAren izenean-. Zehazki, eraikin nagusiaren atzealdeko aparkalekuan zartarazi dute, Kazetaritza Fakultatetik eta Liburutegitik hurbil. 22 lagun zauritu dira, baina guztiak arin. Gehienek hautsitako kristalek egindako ebakiak dituzte eraikin zentraleko ia leiho guztiak txikitu baititu leherketak; baten batzuk nerbiotako krisia ere jasan dute. Zaurituetatik 18 Klinika Unibertsitariora eraman dituzte artatzera; bi Nafarroako Ospitalera eta beste bi Bideko Amaren erietxera.

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, ETAren izenean Arabako DYAn jaso dute abisua, eta ordubeteren buruan "unibersitateko campusean" Peugeot 306 txuri batek eztanda egingo zuela adierazi du. Ez du azaldu, ordea, Iruñeko unibertsitate campusazari zenik, eta, ondorioz, EHUren Arabako campusa miatzen aritu dira Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoa. Bonba-autoa Iruñean zegoen, ordea.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, atentatuan erabilitako autoa atzo gauean lapurtu zuten Zumaian (Gipuzkoa).

Zaurituez gain, kalte materialak ere eragin ditu bonba-autoak, besteak beste, inguruan aparkatutako hainbat autok su hartu baitute. Lehen zenbaketaren arabera, 10 ibilgailu erre dira eta beste 30 inguruk kalteak dituzte.

Lekukoen arabera, eztanda oso handia izan da, eta ia Iruñea guztitik entzun da. Halaber, ke beltz adar handi bat ikusi ahal izan da ia ordubetez. Unibertsitateko ikasleek agertu dutenez, eztandaren ondoren nahasmen handia sortu da eta nahiko kaotikoa izan da guztiak kanporatzeko prozesua.

Bihar ekingo diete berriro klaseei.

Aurretik ere jomuga

Aurretik ere jasan izan ditu Nafarroako Unibertsitateak atentatuak, eta gaurkoa ETAk egin duela baieztatuko balitz, erakunde armatu horrek Opus Dei-ren unibertsitatearen aurka egindako seigarrena litzateke.

Honen aurrekoa 2002ko maiatzaren 24an egin zuten: 20 kilo lehergaiz betetako bonba-autoa zartarazi zuten leku bertsuan, eta kalte material handiak eragin zituen.Orduko hartan hiru lagunek zauri arinak jasan zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.