Atentatua

ETAk bonba-autoa lehertarazi du Calahorran, Guardia Zibilaren kuarteletik gertu, eta bi lagun arin zauritu dira

14:00etan izan da atentatua, eta ordurako kuartela eta ingurua hustuta zituzten, ETAk ordu erdi lehenago abisua eman duelako. Kalte material handiak izan dira; batik bat, ondoko etxebizitzetan.

2008ko martxoaren 22a
12:35
Entzun
Bonba-auto bat eztandarazi du gaur 14:00etan ETAk Calahorran (Errioxa, Espainia), Guardia Zibilaren kuarteletik ehunen bat metrora, haren atzealdean. Leherketaren unean salto egitean guardia zibil batek lepoan kolpe arin bat jaso du, eta adin gabeko beste lagun batek ere zauri arina izan du. Ez da zauritu larririk izan.

Izan ere, ETAren izenean Bizkaiko DYAra 13:28an deitu duen pertsonak esan du 14:00etan eztanda egingo zuela bonba-auto batek Calahorran, eta autoaren ezaugarriak jakinarazi ditu: marka eta kolorea (Honda Civic urdina). Hala, Guardia Zibilak eta Calahorrako udaltzainek kuartela eta ingurua hustuarazi egin dituzte, eta bonba-autoaren ondoan ez zegoen inor honek eztanda egin duenean.

Kalte materialak handiak izan direla jakinarazi dute; batik bat, kuartel ondoko etxebizitzetan. "Oso indartsua" izan da leherketa, hango herritarrek esan dutenez. Guardia zibilak inguruko autoak arakatzen aritu da, beste lehergailurik dagoen edo ez ziurtatzeko, beraiek adierazi dutenez, baina ez dute halako ezer topatu.

Gallarza kalean izan da atentatua, eta pixka bat lehenago astesantuetako prozesioa bukatu da han inguruan. Pavier Pagola alkateak adierazi du ez dutela egun hauetako egitaraua bertan behera utziko atentatuagatik. 20:00etarako elkarretaratzea deitu du Udalak. Herrigunean dago kuartela, eta 1983an ere ETAren atentatua jasan zuen. Calahorra bera, Euskal Herriko mugatik gertu-gertu dago, Nafarroatik pauso batera; 20.000 lagun bizi dira.

Gaur hamabost egin zuen ETAk aurreko atentatua, Arrasaten (Gipuzkoa): Isaias Carrasco PSE-EEko hango zinegotzi ohia hil zuen, tiroz.

Joan den ekainean su-etena hautsi zuenean, berriz, Guardia Zibilaren beste kuartel baten kontra egin zuen aurreneko atentatua; bonba-autoz -80 kiloko lehergailuarekin-, Durangon (Bizkaia). Orduan ere kalte material handiak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.