Lehenengo telefono deia 12:40ean jaso zuen Gara-k, eta Avilan, Valladoliden, Leonen eta Santillana del Marren jarritako lehergailuen berri eman zuen. Bigarren deia 12:55ean egin zuten, Malagako, Ciudad Realeko eta Alacanteko bonben berri emateko. Leherketak 13:30ean gertatu zirela jakinarazi zuten. Hain zuzen, joan den larunbatean Almerian Espainiako Poliziako artezilariek indargabetutako lehergailua atzo ordu berean lehertzeko prestatua zegoen.
Santillana del Marreko nahastea
Leherketak gertatu zirenerako inguruak jendez hustu zituzten poliziek, Santillana del Marren salbu, telefonoz adierazitako lekuan ez baitzen lehertu bonba: lehergailua zoologikoaren aparkalekuan jarri zutela ohartarazi zuten, baina hiriguneko Parque de La Robledanizan zen leherketa, artean inguruan jendea zebilenean. Ondorioz, zazpi urteko neska batek eta 68 urteko haren amonak zauri arinak izan zituzten, eta leherketatik hurbil ziren beste hamahiru lagun badaezpada ere Torrelavegako erietxera eraman zituzten, entzumen arazoekin gehienak. Guztiei alta ematen zieten atzo bertan. Leherketak turismo informaziorako egurrezko etxola erabat txikitu zuen, eta auto baten atzeko kristala ere hautsi zuen. Etxolaren egur zatiek zangoan jota zauritu ziren, hain zuzen, zazpi urteko neska eta 68 urteko emakumea. Leherketa gertatuz geroztik, Guardia Zibilak itxita eduki zuen inguru osoa, lehergailu gehiago egon zitekeelakoan; 15:30ean ireki zuten berriro, beste bonbarik ez zegoela egiaztatu ondoren.
Atzoko zazpi leherketetatik lau, hirigunetako kafetegietan gertatu ziren. Ciudad Realen, hain zuzen, España plazako El Peral kafetegia jendez husten ari zirenean lehertu zen, eta une horretan barruan ziren bi poliziak eta beste lagun batek zauri arinak izan zituzten, hautsitako kristalen eraginez. Leherketa gertatu eta hiru ordu laurdenera, 14:15ean, Konstituzio plaza ere jendez hustu zuten poliziek, zaborrontzi batean pneumatiko susmagarri bat zegoela-eta; lehergailurik ez zegoen azkenean.
Avilan, berriz, leherketak kalte material handiak eragin zituen Reyes Catolicos oinezkoentzako kaleko La Fortaleza kafetegian. Lehergailua kafetegiko komunetan zegoen. Cesar Martin Espainiako Gobernuko ordezkariordeak adierazi zuenez, eztanda «oso gogorra» izan zen eta kafetegia «erdi suntsituta» utzi du. Artezilariek lehergailua amonalez osatua zegoela uste dutela adierazi zuen Efe berri agentziak, eta lehergailua kilo eta erdi ingurukoa izan zitekeela. Avilako alkate Miguel Angel Garcia Nietok esan zuenez, hiriaren irudiari kalte egin dio ETAk atentatu honekin.Valladolideko Mayor plazako La Banque kafetegian ere komunetan jarri zuten lehergailua, baina Avilakoa baino indar txikiagoa zuen nonbait. Izan ere, kafetegiko langileak ur jario bat atzeman zutenean jabetu ziren leherketa gertatu zela.Leonen Picara Justina plazako Lleras 38 kafetegian jarri zuten lehergailua, komunetan baita ere. Leherketak ostatu barruan kalte «garrantzitsuak» eragin zituela adierazi zuen Espainiako gobernu ordezkariordeak, Francisco Alvarezek. Ordezkariordeak azaldu zuenez, leherketa gertatu baino ordu laurden lehenago atera zituzten kafetegitik bezero guztiak, hogeiren bat. Kafetegiko jabeak, Jose Huertasek, lehergailua atzo baino lehenago jarria zela ziurtatu zuen, atzo eguerdian ireki zuenetik barruan izandako bezero guztiak ezagunak zituelako.
Kalte txikiak bi pasealekutan
Beste bi lehergailuak Malagako eta Alacanteko pasealekuetan jarri zituzten, eta oso kalte txikiak eragin zituzten bietan.
Alacanteko lehergailua Espainiako plazan jarri zutela adierazi zuen Gara-ra hots egin zuenak, baina leherketa handik 200-300 metrora gertatu zen, La Explanada de España pasealekuan; hala ere, lehergailuak eztanda egin baino minutu gutxi batzuk lehenago La Explanadako ingurua ere jendez hustu zutenez, zauriturik ez zuen eragin. Alacanteko gune turistikoetako batean dago La Explanada, eta jai egunetan jende ugari ibili ohi da bertan pasean. Atzo, gainera, San Nicolas hiriko patroiaren ohorez hainbat ekitaldi zituzten, besteak beste leherketa gertatu baino ordu erdi lehenagoko prozesioa. Lehergailua loreontzi-euskarri batean zegoen, eta oso kalte txikiak eragin zituen. Leherketaren ondoren, inguruak hesitu egin zituen Poliziak. Aldameneko kale batean bi egun aparkatuta zeraman auto susmagarri bat ere aztertu zuten artezilariek, baina azkenean garabiak eraman zuen, besterik gabe. Malagan, España pasealekuko lorategi batean izan zen leherketa, arbola baten aldamenean. Oso kalte txikiak eragin zituen lehergailuak, Espainiako gobernu ordezkariorde Hilario Lopez Lunak jakinarazi zuenez. Leherketa Ordezkaritzaordearen egoitzatik berrogeita hamar metrora gertatu zelaeta eztanda entzun ere egin zuela adierazi zuen Lopez Lunak.
Indar txikiko leherketak abuztuaz geroztik
2004. urtean ETAk eragindako leherketak indar txikikoak izan dira, eta ez dute hildakorik eragin. Aurten izandako lehenengo atentatua abuztuaren 7an izan zen, San Vicente de la Barquera eta Ribadesella Espainiako gune turistikoetan, ETAk indar txikiko bi bonba leherrarazi zituenean. Ordutik aurrera izandako leherketek jomuga desberdinak izan dituzte, hala nola, gune turistikoak, argindar dorreak, etxebizitza agentziak etaaterpetxe militar bat. Iragan ostiralean, Madrilgo bost gasolina zerbitzugunetan bost bonba leherrarazi zituen ETAk, eta Madrilgo aldirietako errepideetan zirkulazio arazo larriak sortu zituen.