Friendshipen iritziz, ETAk egindako urratsa "oso garrantzitsua" da, "gatazka armatuari behin betiko amaiera jartzeko konpromisoa" adierazten duelako. Taldeak nabarmendu du gizartea "bake iraunkor eta justu bat" lortzeko lanean ari dela, eta uste du alde guztiek lan horretan konprometitu behar dutela.
"Europako Batasunean izandako azken gatazka armatua amaierara iristen ari da. Bide horretan Europako instituzioen engaiamendua beharrezkoa da", esan du taldeak Europako Parlamentuan eginiko agerraldi batean.
Halaber, azaldu du Espainiako eta Frantziako gobernuek ETAren urratsaren aurrean izandako erreakzioa "ulertezina" dela; oroitarazi du Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak deklaratzera deitu zituela Auzitegi Nazionalak, eta beste horrenbeste egin zuela Frantziak Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideekin.
"Espainiako Gobernuari dei egiten diogu prozesuaren kontra azaltzen ari den karrera bertan behera uzteko", esan du: "Bake prozesu bat ezin da soilik eraiki aldebakartasunetik, alde guztien engaiamendua behar-beharrezkoa da".
Alde horretatik, eskatu du gaixo dauden presoak libre uzteko, euskal presoak Euskal Herriratzeko eta "arrazoi politikoengatik edo iritzi arrazoiengatik preso dauden guztiak" askatzeko.